Hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Ibilbide motzean aldaketa txiki bat egin dute, eta Hirumugatako tontorretik pasako dira. Iazko irabazleak, Egea eta Maiora, lasterketan izango dira. Bihar da izena emateko azken eguna
Igandean Axari Trail mendi lasterketa egingo dute Idiazabalen, Mikel Garmendiaren oroimenez. Hirugarren edizioa da aurtengoa, eta aurrekoetan bezala, bi ibilbide izango dira Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturaletan dauden Idiazabalgo mendietan barrena: luzea, –25,4 kilometro eta 1.550 metroko desnibela– eta motza –16,4 kilometro eta 750 metroko desnibela–. Aurten lasterketa
federazioko egutegitik kanpo geratu da, eta, hortaz, ez da puntuagarria izango. Dena den, orain arteko izen emate kopuruarekin gustura agertu dira antolatzaileak.
Aurten
aldaketa txiki bat egin dute ibilbide motzean: Hirumugata tontorretik pasako dira korrikalariak, eta ez tontorraren azpiko pistetatik, orain arte bezala. Bi arrazoi aipatu ditu Aimar Lizarazuk aldaketa egiteko: batetik, pistetan obrak egiten ari direla, eta, bestetik, ibilbidea ikusgarriagoa dela tontorretik pasaz gero. Aldaketaren eraginez, lasterketaren desnibela «apur bat» handiagoa dela adierazi du Lizarazuk. Gainontzean, ez da aldaketarik izango ibilbidean.
Lasterketa 09:30ean hasiko da Idiazabalgo plazatik, eta leku berean amaituko da. Korrikalariek gehienez lau ordu eta erdi izango dituzte amaitzeko, eta
13:30ean izango da sari banaketa. Lasterketa bukatutakoan, herri bazkaria egingo dute pilotalekuan. Marmitakoa izango dute aurten jateko. Lasterketako parte hartzaileei eta boluntarioei doan emango diete bazkaria. Gainontzekoek, berriz, bi euroko prezio sinbolikoa ordaindu beharko dute.
Bihar da izena emateko azken eguna
Lasterketa parte hartu ahal izateko izen ematea irekita dago oraindik, bihar gauerdiko hamabiak arte.
kirolprobak.com webgunearen bidez egin behar da izen ematea. Ibilbide luzearen kasuan, 275 parte hartzaileko muga jarri dute aurten —aurreko urteetan 250—. Ibilbide motzean, berriz, 100 parte hartzailekoa da muga.
Aurten gorakada izan da ibilbide motzeko parte hartzaile kopuruan. Izan ere, aurreko bi edizioetan gazteek bakarrik parte har zezaketen motzean, eta helduak derrigortuta zeuden luzean parte hartzera. Aurten, ordea, lasterketa federazioko egutegitik kanpo geratu denez, arauak aldatu ahal izan dituzte, eta
edonork parte har dezake ibilbide motzean. «Modu horretan aukera eman nahi diogu luzearekin ausartzen ez den jendeari parte hartzeko», adierazi du Lizarazuk.
Iazko irabazleak,
Aritz Egea eta Maite Maiora, aurten ere Idiazabalen izango dira Axari Trail lasterketan. Aipatzekoak dira baita ere Oier Ariznabarreta, Hassan Ait, Iban Letamendi, Imanol Goñi eta Imanol Larrañaga, gizonezkoetan. Emakumezkoetan, berriz, Oihana Kortazar, Elena Calvillo eta Aitziber Ibardia.