'Eskura' izeneko hausnarketa prozesua abiarazi du Gure Esku Dago dinamikak
Goierriko Hitza
Goierri
Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bide orria adostea da Gure Esku Dagoren erronka urte politiko berrirako. Horretarako abiarazi du Eskura prozesua, “zer, noiz eta nola erabaki?” galderei erantzuteko. Hausnarketa prozesua izango da lehen urratsa, eta bertan erabakiko dute hurrengo pausoak zein izango diren. Dinamikaren jarduera, antolamendua eta finantziazioa izango dira eztabaida guneak prosezuan zehar.
Prozesuari hasiera emateko zortzi orriko proposamena egingo du Gure Esku Dagok, eta ekarpenak jasoko dituzte azaroaren 9ra bitartean. Hala, ekarpenak egiteko herriz herri eztabaidak antolatuko dituzte, eta sarean ere egin ahalko dira ekarpenak, Gure Esku Dagoren webgunearen bidez. Ekarpenak jasota, azaroaren 21ean ezohiko batzarra egingo dute erabaki nagusiak hartzeko.
Mahai-ingurua Beasainen
Prozesuarekin hasi aurretik, erabakitzeko eskubideari buruz mahai-ingurua egingo dute urriaren 7an Beasainen. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Jose Manuel Castells zuzenbide arloko katedraduna, Angel Oiarbide GEDko bozeramailea eta Ixabel Olano Beasaingo Ikastolaren sortzaile eta andereñoa ariko dira solasean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.