Errigora egitasmoaren bultzatzaileak, gaur.
Nafarroako Erriberako nekazariak eta euskalgintza laguntzeko helburuarekin sortu zuten Erribera egitasmoa 2012an. Harrera ona izan zuen lehen urte hartan, eta harrezkero, urtez urte emaitzak hobetzen ari dira. Aurten dagoeneko laugarren kanpainari ekingo diote, eta proiektuaren Goierriko arduradunak horren berri emateko bildu dira gaur. Aurtengo helburua “aurreko urteetako kontsumitzaileak mantentzea eta berriak erakartzea” izango da, baina ekoizle gehiago erakarri eta euskararen mundura gerturatzea ere lortu nahi dute.
Urtean zehar bi kanpaina nagusi egiten dituzte: udaberrian, olioa banatzen dute, eta udazkenean, nekazal produktuz osatutako saskiak, euskalgintza laguntzeko. Lau urteotan, 370.000 kontserba pote eta 88.000 litro olio banatu ditu Errigora egitasmoak, eta antolatzaileen arabera, 15.000 etxetara iristea lortu dute. Kopuru horiek, ordea, urtez urte handitzen jarraitu nahi dute, ahalik eta tokirik gehienetara iristeko. Aurten, esaterako, Ipar Euskal Herrira ere egin nahi dute jauzia.
Orain arteko lan guztia, “auzolanari esker” egin dutela azaldu du AEK-ko Nekane Munduatek, eta gero eta sare zabalagoa osatzen ari direla. Goierriri dagokionean, 5 lantegitan eta 20 toki publikotan banatu eta jaosko dituzte eskaera egiteko orriak. Parte hartu nahi dutenek, Erriberako 14 produktuz osatutako lotea jasoko dute, 50 euroan. Goierri mailako koordinazio lanetan aritzen den Erramun Amundarainek, “prezio merkea eta edozeini oparitzeko modukoa” dela esan du. Kanpaina, hilaren 21etik azaroaren 8ra bitartean egingo dute.
Banaketa puntuak
- Arama: Herriko ostatua
- Ataun: Troskaeta taberna
- Beasain: Basakana, Antzizar eta Herri Denda
- Ezkio-Itsaso: Udaletxea
- Gabiria: Herriko ostatua
- Idiazabal: Izpar denda
- Itsasondo: Kaxintane Taberna
- Lazkao: Gerriko liburudenda
- Legazpi: Katillu taberna eta Arantxa okindegia
- Legorreta: Olaso taberna
- Mutiloa: Herriko ostatua
- Olaberria: Zezilione taberna
- Ordizia: Goierriko baratza
- Ormaiztegi (zehazteko)
- Segura: Elorripe taberna eta udaletxea
- Urretxu: Motz eta Frontoi tabernak
- Zaldibia: Joxepane taberna
- Zegama: Itzala eta Haizea tabernak
- Zerain: Mandio taberna
- Zumarraga: Saski taberna
Lantokiak:
- Ampo (Idiazabal)
- CAF (Beasain)
- Indar (Beasain)
- Orkli (Ordizia)
- Irizar (Ormaiztegi)