«Etxeko lanak eginda, hankek erantzuten duten bitartean lehian arituko gara ahalik eta ondoen»
Tenerifen izan da Ezkioko txirrindulariari ere Itzulia prestatzen. "Gogotsu" dago, borrokarako prest. Gaur Gaintzako eta Lazkaomendiko aldapetan ibiltzekoa da.

Haize freskoa aurpegian, Italiako azken lasterketetan –Tirreno-Adriatico eta San Remo– Alex Aranburu txirrindulariak (Ezkio, 1995) bere burua «indartsu eta gustura» aurkitu du, sentsazio politak berreskuratuta; denboraldi hasieran, Mallorcan, gorputza «arrotz» sentitu bazuen ere, denborarekin «erritmoa hartu eta postu onak lortzeko aukerak» izan ditu. Orain, Euskal Herriko Itzulia prestatzen ari da Ion Izagirrerekin batera, «Itzuli polita egiteko eta disfrutatzeko» aukera ematea espero du.
Goierrin izango diren etxeko etapek, «lilura eta errespetua» sortzen diote. Zentzu horretan, tramu batzuetako «gogortasuna» azpimarratu du; Gaintzako eta Lazkaomendiko igoerak zailak izango direla badaki, baina «gogotsu» borrokatuko duela ziurtatu du. Igoera horiek lehenago ere eginda dituen arren, ostiralean joango da bertara azken begiradatxoa botatzera.
«Tenerifen egindako prestaketa lanek Itzuli polita egiteko eta disfrutatzeko balio izatea espero dut»
Euskal Herriko Itzulia «lasterketa handia» dela nabarmendu du, munduko txirrindulari onenek lehiatzen dutena. Etaparen bat irabaztea «zaila» izango dela aitortu arren, «saiatzeko prest» dago: «Gure esku zeuden etxeko lanak egin ditugu, eta hankek ondo erantzuten duten bitartean lehian arituko gara ahalik eta ondoen».