Goierriko gazteen bozgorailu izango den proiektua martxan da jada
‘Eta hik?’ Goierriko gazteen kezkak eta aldarrikapenak biltzeko komunikazio proiektua izango da .Beasainen hilaren 31n egingo duten bilerarako deia egin dute
Goierriko gazteak euren bozgorailu izango den proiektu komunikatibo bat sortzeko lanean ari dira. Hainbat gaztek udan ekin zioten gai honen inguruan biltzeari; orain, Eta hik? egitasmoari forma ematen hasteko garaia iritsi da. Proiektua gauzatzeko fase honetan, «ahalik eta Goierriko gazte zein gazte eragile gehienekin» bildu nahi dute, denen artean «proiektua konpartitu, definitu eta eraiki» ahal izateko. Aurreneko bilera, bihar zortzi egingo dute, Beasainen.
Goierriko gazteen bozgorailua izango litzatekeen erreminta baten beharra ikusita, Goierriko hainbat gazte uda inguruan hasi ziren elkartzen eta proiektuaren oinarriak finkatzen. «Goierriko gazteon zein gazte eragileen deialdiak, arazoak, proiektuak, ilusioak, aldarrikapenak, gogoetak eta abar» bildu eta zabalduko dituen gune bat izatea nahi dute. Behin ideia eta proiektua definituta, eratze faseari ekin nahi diote, horretarako, eskualdeko gazteen parte-hartzea bultzatuz.
Asanblada irekirako deia
Eta hik? proiektu komunikatiboa martxan jartzeko, asanblada irekia egingo dute urriaren 31n. Beasaingo plaza azpin elkartuko dira, 11:00etan. Bertan, jasotako proposamenak eztabaidatu eta aproposenak aukeratuko dituzte. Ondoren, mokadutxoa ere izango da.
Zentzu horretan, Goierriko gazteei ekarpenak egin eta asanbladan parte hartzeko deia egin diete. Ekarpen horiek egiteko, gaztekomunikazioa@gmail.com helbide elektronikoa jarri dute, nahi duenaren eskura. Edozein arlotako proposamenak bidal daitezke bertara. Proiektua martxan jartzeko lantaldeak adierazi duenez, «denon ekarpena ezinbestekoa» izango da.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.