Elegante Eguna ospatzen ari dira Ormaiztegin
Atzo hasi zituzten Ormaiztegiko San Andres jaiak, eta gaur, Elegante Eguna ospatzen ari dira. Eguraldiak askorik laguntzen ez badu ere, goizetik atera dira herritarrak elegante jantzita. Azken urteetan berreskuratzen ari diren ohitura jarraituz, garai bateko jantzi dotoreak atera dituzte, XIX. mendean oinarritutakoak. Duela hiru urte hasi zen Zumalakarregi Museoa eleganteen bilkura hau bultzatzen. Goizean zehar, jantziak ikusteko aukera ez ezik, photocall-a eta gosari eleganteak egin dituzte, baita XIX. mendeko emakume talde baten mitinaren antzezpena ere. Horrekin batera, herriko tabernek ere parte hartu dute festan, eta ‘pintxo eleganteak’ eskaini dituzte goizean zehar. Herritarren boto gehien jasotzen dituen pintxoak garaikurra jasoko du; parte-hartzaileen artean berriz, Kuko jatetxean bi lagunentzako otordua zozkatuko dute.
Bazkal ondoren, arratsaldean jarraituko du festak, eta besteak beste, Bingo elegantea irudikatuko dute. Eliza atarian berriz, dantzaldia eta txokolate jana izango dituzte. Gauean, gazteek antolatutako kontzertuak izango dira, 23:30etik aurrera.
- Albiste honekin lotuta: Elegante eguna eta haurren danborrada, Ormaiztegin