Sarek larunbatean 17:00etan egingo du, 'Mugi daitezen harriak' lelopean. Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko ekitaldia da. Goierriko autobus gehienak 15:00etan abiatuko dira
Lazkao
Goierriko hemezortzi herritan autobusak antolatu dituzte larunbatean, Sarek Bilbon
Mugi daitezen harriak lelopean egingo duen manifestaziora joateko. Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko manifestazioa 17:00etan hasiko da. Goierriko autobus gehienak 15:00etan abiatuko badira ere, goizetik joateko aukera ere izango da Beasaindik eta Seguratik. Zaldibiaren kasuan, hiru autobus betetzea jarri dute erronka. Atzoko datuen arabera, dagoeneko bi beteta zituzten.
Sarek jakinarazi duenez, larunbatekoa «indarrak batzeko» eguna izango da. Izan ere, euskal gizarteak «harri zanpatzailea mugiarazi» behar duela deritzo. «27 urte bete dituen dispertsio politika honen ondorioak oso latzak izan dira, eta izaten jarraitzen dute: 16 pertsonak bizitza galdu dute errepidean, istripu larrietan zauritutako senide eta lagunak… Eta ezin ahaztu karga sentimentalak, ekonomikoak, psikologikoak. Eta hau pairatu behar dutenek izen-abizenak dituzte: senide edo lagunak dira, besterik ez».
Ataunen futbol txapelketa
Gabon egun hauetan presoen eskubideekin lotutako hainbat ekitaldi egin da Goierrin. Ataunen, esate baterako, Ernaik antolatuta, areto futbol txapelketa jokatu zen pasa den asteburuan. Adin ezberdinetako eta hainbat herritako taldeek hartu zuten parte, kirola eta aldarrikapena uztartuz. Ernaitik jakinarazi dutenez, «euskal preso eta iheslari politikoen egoera salatu ea berauen etxeratzea aldarrikatu» nahi izan dute lehiaketa.
Igande honetan, bestalde, Baionatik Ordiziara arteko ibilbidea monozikloz egingo dute zenbait goierritarrek. Goizaldean goiz, 02:00etan, irtengo dira Baionatik.
Autobusak herriz herri
- Ataun. 15:00etan San Gregorion eta 15:15ean San Martingo plazan. Izen ematea: Troskaetan, Sutegin eta Martintxon.
- Beasain. 10:00etan eta 15:00etan, tren geltokian. Izen ematea: Antzizarren, Batzokian, Arranon eta Basakanan.
- Gabiria, Ezkio-Itsaso. 15:00etan Gabiriako plazan.
- Idiazabal. 15:00etan plazan. Izen ematea: Xumen eta Izparren.
- Itsasondo. 15:00etan plazan. Izen ematea: Kaxintanen.
- Lazkao-Olaberria. 15:00etan Zelaian. Izen ematea: Gerriko liburu dendan, eta Alboka, Ansoategi, Giroa eta Oker tabernetan.
- Legazpi. 15:00etan Saturnino Telleria biribilgunean. Izen ematea: Lekanazpi elkartean, Kukuen, Kariben, Gurrutxagan, Gaztetxean eta Hizkuntza liburu dendan.
- Legorreta. 15:00etan Patxikoenean. Izen ematea: Olaso tabernan.
- Ordizia. 15:30ean Arboledan. Izen ematea: Herrikoan eta Barrenan.
- Ormaiztegi. 15:00etan udaletxean. Izen ematea: Zipotzen. Segura-Zerain. 10:30ean eta 15:00etan, plazan . Bi herrietako tabernetan eman daiteke izena.
- Urretxu-Zumarraga. 15:00etan Areizaga-Kalebarren plazan. Izen ematea: Amalurren, Gaztetxean, Lab-en eta Motzen.
- Zaldibia. 15:00etan plazan. Izen ematea: Illati, Beti Gazte eta Joxepane tabernetan.
- Zegama. 14:45ean farmazia aurrean. Izen ematea: Itzalan eta Tartalo Etxean.