Goierriko zazpi dolare sagardotegietan hasi da txotxeko sasoia. Sagardoa «aurreratua» etorri da, udazken epelagatik. Ohi baino zapore, usain eta gorputz gehiago du dagoeneko, baita alkohola ere
«Herriaren ardoa» deitu zion Juan Antonio Mogel idazleak sagardoari, 1802ko
Peru Abarka eleberrian. «Lehen ozta ezagutzen zen mahats ardoa. Sagasti asko ziren, eta herriko ardo edo sagardoaz igarotzen ziren bizkaitar eta beste euskaldunak», kontatu zuen, Peru baserritar jakintsuaren ahotik.
Berrehun urte pasa geroago, garai makurragoak —eta hobeak ere bai, agian— izan dituen arren, sagardogintza osasuntsu dago Goierrin. Eskualdean zazpi dolare-sagardotegik egin dute etxeko sagar zuku artzitua, iaz baino batek gehiagok. Eta prest dira jendeari eskaintzeko.
Ziriko edo txotxeko denboraldia hasita dago Goierrin. Zabaltzen aurrena, ohi bezala, Legorretako Aulia izan zen, abenduaren 13an. Urbitarte (Ataun) duela bi astetik, Otatza eta Oiharte (Zerain), Etxezuri (Olaberria) Astotxoz geroztik, Olagi (Altzaga) eta Tximista (Ordizia) ere zabalik dira dagoeneko.
Orokorrean, berriketarik gabeko sagardoa dator. Uda lehorrak eta udazken beroak sagarrari azukre gehixeago erantsi diote, eta sagardotan alkohol ge- hiago uztea ekarri du, artzidura prozesuan. Gutxieneko muga 4,5 graduan ezarri zuen 1979ko sagardoaren araudiak —goiko sabairik ez zen zehaztu—. Normalean 6 bat gradu izaten baditu, aurten gradu erdi bat gorago iritsi da, zenbait kasutan, 6,5era.
Lodiagoa, gorputz gehiagokoa eta zaporez nahiz usainez sarkorragoa atera da aurtengo edaria.
Ekoizle bat gehiago
Berritasuna, hain zuzen, Tximista da. Ireki zutenetik lehen aldiz, bertan egindako sagardoa daukate 10 upeletan. «Aitorrek eta nik prozesua ixteko beharra, nahia eta ilusioa genuen, aspalditik», dio Amaia Blazquezek.
Lehen urteko «urduritasun, esperientzia falta eta beldurrak» gainditzeaz gain, sagar aukeraketan eta garbitasunean «kontu eta mimo» handia jartzera behartu ditu. «Emaitzan nabari da. Sagardo ederra atera da, txinpartatua eta orekatua». Kupel bakoitzean nahasketa ezberdinak erabili dituzte, gainera.
Sagardogileak, gustura
Orokorrean, sagar uztarekin eta eguraldiarekin oso gustura geratu dira sagardogileak. «Urtea eguzkitsua eta ona joan da. Lagundu egin dio sagarrari gozatzen», dio Otatzako Jose Antonio Iparragirrek. Herenegun 21 urte bete zituen sagardotegiak.
Sagardoa «azkartxeago» egin dute Etxezurin, Garbiñe Garmendiak dioenez. Oiharten, berriz, «gorputz handiko sagardoak» datozela aurreratu du Maite Retolazak. «Lodiagoa», Urbitarteko Demetrio Terradillosen hitzetan.
Goierrin ia milioi erdi litro sagardo egin dituzte. Aukera badago orain, txotxetik nola garatzen diren ikusteko. Probatzea, aztertzea eta gustukoena aukeratzea, norbere kontura.
Goiturrek Ataunen aurkeztuko du etzi sagardo sasoia
Iaz bezala, Goierri beheko Goitur turismo agentziak sagardo sasoiaren aurkezpen bateratua egingo du. Txotx irekiera irudikatuz, Ataungo Urbitarte sagardotegian izango da ekitaldia, larunbatean 11:00etan. Goiturren Goierri Gastronomika egitasmoko partaide diren sagardotegiek parte hartuko dute, promozio gisa.
Helena Garcia Melero kazetari kataluniarrak edango du ziriko lehenengo sagardo basokada. Kataluniako TV3 telebista publikoko aurkezlea da.