Gaur hasiko da binakako pilota txapelketa, 45 bikoterekin
Legazpiko Gazteak Kirol Elkarteak antolatu du txapelketa herrikoia, hamargarren urtez. Gaur 21:45ean hasiko dira partidak. Finala, apirilaren 30eanHamargarren urtez, binakako pilota txapelketa herrikoia antolatu du Legazpiko Gazteak Kirol Elkarteko pil...
Legazpiko Gazteak Kirol Elkarteak antolatu du txapelketa herrikoia, hamargarren urtez. Gaur 21:45ean hasiko dira partidak. Finala, apirilaren 30ean
Hamargarren urtez, binakako pilota txapelketa herrikoia antolatu du Legazpiko Gazteak Kirol Elkarteko pilota sailak. Pilota herritar guztiengana iristea da txapelketaren helburua, edozeinek parte har baitezake. Aurten, 45 bikotek eman dute izena. Gaur iluntzean jokatuko dituzte lehenengo partidak, eta apirilaren 30ean finala, festetan.Gaur bederatzi partida izango dira, 21:45ean hasita. Igandean, berriz, hamabi partida jokatuko dituzte, 16:00etatik aurrera. Urbeltz pilotalekuan jokatuko dira partida guztiak, eta sarrera doakoa izango da.
Lehenengo faserako, zortzi talde osatu dituzte —sei bikoteko bost talde, eta bost bikoteko hiru talde—. Martxoaren 20ra arte, ostiralero eta igandero jokatuko dituzte lehenengo faseko partidak, Urbeltz pilotalekuan, hamasei tantora. Talde bakoitzeko lehen bi sailkatuak final zortzirenetara pasako dira. Apirilaren 7an hasita, astero jokatuko dira eliminatoriak. Final zortzirenetatik aurrera partidak 22 tantora izango dira.
Bikote irabazleak, txapela, garaikurra eta profesional mailako partida baterako sarrerak jasoko ditu. Bigarrenak, garaikurra eta txuletak. Hirugarrenak, garaikurra eta ardoa. Laugarrenak, oroigarria. Bestalde, parte hartzaile guztiei kamiseta bana emango diete, oroigarri modura.
Arrakasta handia herrian
Unai Olaizola antolatzailearen esanetan, txapelketak «arrakasta handia» izaten du. «Jende ugari biltzen da Urbeltzen herriko pilotariak animatuz, eta jarraipen handia izaten du». Finala, berriz, «egun borobila» izaten dela esan du Olaizolak. Festetan jokatzen denez, oso giro ona izaten dute. Goizean, haurren pilota txapelketako finalak izaten dituzte. Eguerdian, herri bazkaria. Eta, arratsaldean, txapelketa herrikoiko finala. «Frontoia lepo betetzen da, iaz 700 lagun inguru, eta giro aparta sortzen da».