Legazpin Irakurketa Erraza sustatzeko taldea sortu dute hainbat eragilek
Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, liburutegiko eta Garaguneko ordezkariek osatzen dute taldea. Irakurtzeko zailtasunak dituen jendeari zuzenduta dago. Hitzaldia eta ikastaroa egingo dituzteIrakurketa Erraza egitasmoa duela hiru urte sortu zen, Euskal Auto...
Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, liburutegiko eta Garaguneko ordezkariek osatzen dute taldea. Irakurtzeko zailtasunak dituen jendeari zuzenduta dago. Hitzaldia eta ikastaroa egingo dituzte
Irakurketa Erraza egitasmoa duela hiru urte sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoan. Gutxika herri ezberdinetara zabaltzen ari da, eta Legazpira ere iritsi da. Irakurtzeko zailtasunak dituen jendeari zuzendutako egitasmoa da. Irakurtzeko eskubidea bermatzea eta zaletasuna sustatzea dira helburuak. Horretarako, errazago ulertzeko moduko testuak eskaintzen dituzte. Dagoeneko hainbat literatur lan klasiko dituzte irakurketa errazera moldatuak.Legazpin, talde bat sortu da Irakurketa Erraza sustatzeko. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileek, liburutegikoek, Isa Sanz hezkuntza teknikariak eta Garaguneko Asun Jauregik osatzen dute taldea. Egitasmoari esker, liburutegian eskuragarri daude irakurketa errazeko liburuak. Garagunekoek, berriz, dagoeneko lantzen dute irakurketa erraza. Azken asteetan Romeo eta Julieta irakurtzen ari dira.
Bestalde, udalak ere hartu ditu neurri batzuk. Esaterako, Tokiko Agenda 21 plana egiteko laguntza teknikoa kontratatuko du udalak, eta kontratazioko baldintza bat izango da dokumentu guztien laburpen bat irakurketa errazean egitea.
Eric Galvez zinegotziaren hitzetan, populazioaren %30ak ditu irakurtzeko zailtasunak. Pertsona horiei irakurketa gerturatzea da helburua. Era guztietako pertsonak izan daitezke: adimen urritasuna dutenak, nagusiak, hizkuntza ongi mende- ratzen ez duten etorkinak, euskaldun berriak, dislexia dutenak, edota, besterik gabe, irakurtzeko ohiturarik ez dutenak eta kosta egiten zaienak. «Probatzera animatzen ditut, ez dute zertan lotsatu zailtasunak dituztelako», esan du Galvezek.
Blanca Mata Euskadiko Irakurketa Errazaren koordinatzaileak azaldu duenez, irakurtzea eskubide bat da. Asko, ordea, etsi egiten dira ezin dutela ulertu konturatzean. «Irakurketa Errazaren bidez, liburu bat osorik irakurtzeko gai izateak pertsona horien auto estimua areagotzen du, eta irakurzaletasuna sustatu».
Hitzaldia eta ikastaroa
Egitasmoarekin lotuta, erakusketa bat jarriko dute kultur etxean bihartik apirilaren 8ra. Informazio panelen bidez egitasmoaren berri emango dute. 17:30etik 20:30era egongo da irekita.
Bestetik, Matak hitzaldia egingo du apirilaren 6an, 18:00etan, kultur etxean. Bertan, Irakurketa Errazaren berri emango du, eta beste herri batzuetako esperientziak elkarbanatuko ditu.
Azkenik, apirilaren 9an, 15ean eta 16an ikastaro bat egingo dute. Irakurketa errazaz gehiago ikasi nahi duen jendeari zuzenduta egongo da. Apirilaren 7a baino lehen eman behar da izena, liburutegira deituta: 943 73 72 02. Mezu bat ere bidal daiteke: liburutegia@legazpi.eus.