ELKARRIZKETA. «Euskarak biziraun dezan, arnasguneak babestu behar dira»
2019ko urteaz geroztik Ataungo alkate eta 2023ko irailaz geroztik UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria da Martin Aramendi Arana (Ataun, 1970).

Zertarako balio du Euskaraldiak?
Ariketa kolektibo bat da, eguneroko harremanetan euskara lehenetsita, euskararen erabilera areagotzea helburu duena. Hamaika eguneko praktikaldian oinarritzen da, eta saiakera horren ondoren, ohitura berriak errotu eta horiei eustea bilatzen du. Asmo oneko ekimena da, nahiz eta benetako eragina neurtzea zaila den.
Ekimen honekiko ezkortasuna dagoela esango zenuke?
Ataun bezalako herri txikietan, euskara hutsean bizi diren zenbaitek zalantzan jartzen dute ea beharrezkoa den txaparen bidez adieraztea euskaraz egin dezakezula haiekin, edo eurek aurreneko hitza euskaraz egingo dutela. Herri txikietan, ordea, egoera ere aldatzen ari da: gero eta jende gehiago da euskara ez dakiena, ikasten ari dena edo jakin arren erabiltzen ez duena. Jende horri begira, beraz, garrantzitsua da euskara hutsean bizi garenok ere Euskaraldian parte hartzea.
Zein da Euskaraldiak udalerri euskaldunetan duen harrera?
Ez dut udalerri euskaldun guztien errealitatea hainbeste ezagutzen; bai, ordea, Ataungoa. Pertsonalki, aurreko aldietan baino harrera hobea izaten ari dela sumatzen ari naiz, nahiz eta gero ikusi egin beharko den zer dioten datuek. Aurrekoetan kosta egin zitzaigun herritarrak aktibo mantentzea, eta udaletik ibili ginen kanpainaren berri ematen eta zegozkion lanak egiten. Aurtengoan, baina, batzorde bat sortzea lortu dugu, zortzi-hamar pertsonakoa.
Goierriren kasuan, ez daukat daturik, baina esango nuke emaitza ona duela ekimen honek eskualdeko herri hauetan. Herritarrek ondo erantzuten dutela iruditzen zait, nahiz eta denetik dagoen: batzuek benetan sinetsita parte hartzen dute, eta beste batzuek, berriz, modu zabalago batean jokatzen dute.
Nola bizi duzu euskararen egungo egoera?
Kezkatuta. Kezkatuta eta atsekabe puntu batekin. Euskara larrialdian dagoela frogatu dute soziolinguista eta hizkuntzalari adituek, eta hori bera nabarmendu du orain Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak. Euskara larrialdian dago, eta datozen urteetan hartzen diren erabakiek erabat baldintzatuko dute etorkizuna.
UEMAtik uste dugu nahitaezkoa dela arnasguneak bere horretan mantentzea. Arnasguneak ere atzeraldian sartuta daude, eta atzeraldi hori geldiarazteari eta ahal dela iraultzeari ematen diogu garrantzia, arnasguneak sendotu eta babestuta. Izan ere, horiek galtzen baditugu, euskara ere azkenetan izango da, eta zeharo kezkatzen nau horrek.
Asko galtzen ari gara herri desberdinetan, handik eta hemendik: bizimodua aldatzen ari da, eta baita kontsumo- eta kultura-ohiturak ere, eta kontrako korronte handiak ditugu. Hori nola geldiarazi eta belaunaldi gazteenei nola transmititu pentsatzeak kezkatzen nau. Ematen du herri txikietan dena eginda dagoela, baina hemen ere asko dago egiteko eta aldatzeko.
Elkarrizketa osoa GoiBerri.eus webgunean.