Haritz Mujika bertsolari asteasuarrak irabazi du 45. Osinalde Saria
Haritz Mujika Lasa (Asteasu, 1995) bertsolaria izan zen atzo onena Gabiriako 45. Osinalde Saria bertso lehiaketan. Lehenengo partaidetza zuen elkarte horretan, eta hark eraman du sari nagusia. Entzuleen gustukoena, berriz, Unai Mendizabal zizurkildarra izan da, eta bertsorik onenaren garaikurra Eneko Araiztegi segurarrak eraman du.
Bizi-bizia eta unetan arrazoi nahiz umore kolpe handiko saioa osatu dute, bart, Argiberri, Osinberde eta Aztiri sarietatik sailkatutako sei bertsolariek. Lehen partean Unai Mendizabal nabarmendu zen, bertsoaldi guztiak baliatu baitzituen, asmatuz. Saioan behetik gora eginez, eta bakarkako lanetan borobil jardunez, Mujikak lan osoagoa egin zuen, agian.
Bi goierritar ziren Osinaldeko mahaian, biak debutariak Gabirian. Maialen Akizu urretxuar-gabiriarra txukun aritu zen. Eneko Araiztegi segurarrak ere zuzen eraman zituen bere lanak, arrazoietan erantzun onak joz. Horietako batek, “ta ez nintzen klaseko soltero bakarra” bukatu zuen bertsoak, balio izan zion bertso onenaren saria jasotzeko. Aurreko gai batekin iaio lotu zuen kartzelakoan jarri ziotena (“Zuen haurtzaroari buruz ari zarete”, binaka jarduteko).
Maider Arregi oñatiarra eta Jon Gurrutxaga azpeitiarra –bere bigarren Osinalde sarian– ere huts nabarmenik gabe jardun ziren.
Osinalde elkartea bete egin zen, beste behin, bertso saioa entzuteko. Errifaren zozketan, honakoak dira zenbaki sarituak: 1. saria 736 zenbakiarentzat, 2. saria 17 zenbakiarentzat eta 3. saria 1 zenbakiarentzat.