'Zeuk erabaki' lanak jasoko du Bertsomovieda lehiaketako sari nagusia
Jon Martinek eta Izaskun Bernedok egindako Zeuk erabaki lanak irabazi du aurten Bertsomovieda lehiaketako sari nagusia. Ekaitz Goikoetxeak idatzi eta Garazi Zabaletak musikatutako Kantuz egin dugu zutaz oroitzean lanak berriz, aipamen berezia eta bertsorik onenen saria jaso ditu. Publikoak Interneteko bozketa bidez ematen duen saria berriz, Donosti CUP 2015 lanarentzat izan da.
Jon Martin lehendik ere parte hartua da Bertsomovieda lehiaketan, eta hainbat sari lortu izan ditu. Aurten, “oso lan berritzailea” egin duela azpimarratu du epaimahaikoak, “ikusleak amaiera askoren artean aukera dezakeen bideo interaktibo bat sortuz”. Bideo lan horrek, gainera, “bertsoaren sormen prozesuan bertsolariaren burutik pasatzen diren aukerak” azaltzen dituela deritzote.
Ekaitz Goikoetxearen eta Garazi Zabaletaren lana berriz, “benetan lan borobila” dela azpimarratu dute. Mikel Laboari erreferentzia egiten diren bertsoak dira, Maider Ansaren ahotsean. Lan “hunkigarria” izateaz gain, bertsorik onenen saria ere jaso dute.
Sari banaketa gaur zortzi, hilaren 29an, egingo dute, Beasaingo Igartzako jauregian egingo duten ekitaldian.
SARIAK: · Lehen saria: Zeuk erabaki (Jon Martin eta Izaskun Bernedo). · Bertso onenen saria + aipamena: Kantuz egin dugu zutaz oroitzean (Aitor Lanas, Ekaitz Goikoetxea eta Garazi Zabaleta). · Publikoaren saria: Donosti CUP 2015 (Hondarribiko Prebentzio Komunitarioko udal zerbitzuko kale heziketa programa) · Ez ohiko sari berezia: Zapatistak (Ormaiztegiko bertso eskola). GAZTEEN SAILA: · Lehen saria: Begirada bakoitzean (Joane Aldalur, Oihana Arana, Haizea Arana, Aner Peritz, Xubane Garai, Eider Iturralde, Olatz Zuazubiskar eta Aroa Arana). · Aipamena: Alferraren astea (Oiartzungo Elizaldeko bertso eskola)