Luix Katarain artzainaren bizimodua, dokumental batean jasota
Luix Katarain (1926-2014) Idiazabalgo artzainaren bizimodua dokumental baten jaso du Idiazabalgo Ikerketa Taldeak. Galtzear den artzaintza ulertzeko eta bizitzeko modu baten lekukotasuna jaso dute bertan; hamalau urterekin artzaintzan hasi zenetik, 62 urtez Arantzamendiko txabolan eta inguruetan pasatako bizipenak kontatzen ditu. Gazta Egunaren inguruko ekitaldien inguruan aurkeztuko dute, larunbatean.
Nire artzantza dokumentala 2013. urteko udan grabatu zuten Aritzeder baserrian eta Arantzamendin Luixek zuen txabolan. “Gazta zati bat” dokumentalerako grabatutako materiala ere erabili dute. Izan ere dokumental hori egin ostean sortu zen Luixen bizitzari buruzko lana egiteko asmoa.
Luix Katarainekin batera, Aritz Katarain, Inaxio Mari Eziolaza, Aimar eta Oihan Esnaola eta Ander Barandiaran agertzen dira dokumentalean. Maddi Garcia, Guillermo Urrestarazu, Maitane Urteaga eta Xabier Urteaga Idiazabalgo ikerketa taldeko kideen lana da ikusentzunezkoa. Grabazioa eta edizioa Pixel etxeak egin ditu.