Herri barruan 5,5 kilometroko ibilbidea prestatu dute. Binaka da, neska eta mutil bana. Bihar 21:00etan hasiko da; aurrez, haurrek ere parte har dezakete. Lazkao Proba ziklismo proba etzi da
Kirol proba jendetsuak jokatuko dira asteburu honetan Lazkaon, San Prudentzio jaien barruan. Berritasuna, bihar gauean izango den Lazkaoko I. Bikoteen Kros Mistoa da. 21:00etan hasita, gaueko korrikaldia izango da.
Antzar Korrikalariek eta Lazkao Xtreme taldeek antolatu dute. Lazkaoko herri gunean 5,5 kilometro luzeko zirkuitua itxiko dute. Ia erabat laua da, San Prudentzio ermitaren ondoan 50 metroko aldapatxoa izan ezik. Korrikalarien «gosea» asetzeko ideiatu dute gaueko krosa.
Bikoteka da, eta mistoa. Gizonezko batek eta emakumezko batek osatu behar dute, nahitaez, bikotea. Atzo 170 lagun zeuden izena emanda, 85 bikotetan. Izen-ematea gaur bukatuko da, Interneten (
kirolprobak.com).
14 urtetik gorakoentzat da. 20:00etatik aurrera, haur txikiagoentzat ere izango dira lasterketak, bikoteka horiek ere. Lasterketen ondoren txokolatea banatuko dute, eta kiroldegian dutxa zerbitzua egongo da.
Plaza parean hasi eta bukatu, bi bira bereizi dituzte: motza, udaletxe atzetik kiroldegira, Mikelardik San Prudentzion buelta hartu eta errotondatik barrena atzera irteera puntura; eta luzea, San Prudentziotik aurrera Zubizkitza atzeko kalean joan-etorria, eta jarraian Hirigoien kale osoan joan-etorria dituena.
Bira motzari bi itzuli eman beharko dizkiote korrikalariek, eta luzeari itzuli bat.
Sailkapen orokorrean, aurreneko hamar bikoteek jasoko dituzte sariak. Irabazleek 150 euro, bigarrenek 100, eta 5.era artekoek ere diru saria. 6.etik 10era bitartekoentzat opariak daude.
Horiez gain, Lazkaoko lehenengo bikoteak 75 euro eta bigarrenak 50 euroko sariak ditu. Sariak ezin dira pilatu, bikote berak ezingo ditu bi sari jaso.
Lazkaoko 73. Proba, etzi
Larunbat goizean, bestetik, Lazkaoko festetako aspaldiko beste kirol lasterketa bat izango da: txirrindularien Lazkao Probaren 73. ekitaldia.
Elite eta 23 urtez azpiko ziklista amateurrentzat da, Euskaldun Txapelketarako baliagarria. Lasterketa 09:30ean hasiko da. 146 kilometro egin eta gero, 13:00ak pasatxoak helmugaratuko dira lehenak.
Lazkaotik abiatu, eta Alegiaraino bi joan-etorri egingo dituzte, lehenengo. Hirugarren itzulian, Larraitz eta Lazkaomendi (Zaldibiatik) igoko dituzte. Azken bira Ataungo Kaxetaraino dute, handik Urkillaga igotzeko. Azken 40 kilometroetan igoko dituzte hiru mendateak. Lazkao Kirol Elkarteak antolatu du txirrindularitza proba.