Jaiei hasiera, bertsotan
Santikutzak ospatuko dituzte bihartik maiatzaren 8ra. Bihar izango da txupinazoa, eta Bertso Olariak bertso eskolako hiru belaunalditako kideek egingo dute pregoia.
«Pregoia irakurtzeko gonbita jasotzea, urte hauetako lanaren aitortza da guretzat» Asier Iriondo (Bertso Olariak Bertso Eskola)Pilota txapelketako finalak Azken urteetako moduan, etzi, larunbata, haurren zein helduen pilota txapelketa herrikoietako finalak jokatuko dituzte. Haurren finalak 10:00etan izango dira eta helduenak 17:00etan. Lakiola-Mikel eta Borges-Eneko bikoteak hirugarren eta laugarren posturako lehiatuko dira. Final handia, berriz, Matxin lehengusuak eta Lazkano I.a-Urrate I.a bikoteen artean jokatuko dute. Herri bazkaria ere izango da etzi. Aurten Saniko kuadrilak prestatuko du bazkaria, eta lortutako dirua Desertuko oasiak proiektuari laguntzeko izango da. Saharar errefuxiatuei baratzak lantzeko tresnak bidaltzea da proiektuaren helburua. Igandean Santikutz Klasika txirrindulari lasterketa eta haur eta gazteen danborrada izango dira ekitaldi nagusiak. Bestalde, gauean kontzertua eskainiko du D-Pintxos talde legazpiarrak, hainbat hilabetez jo gabe egon ondoren. Taldekide berriekin egingo dute itzulera, eta herriko festetan, gainera. Danborradan, sorpresa Helduen danborrada astelehen gauean egingo dute. Aurtengoan, gainera, berritasun bat izango da: Argentinako Saladillo herriko Euskal Etxeko 21 lagunek parte hartuko dute danborradan. Euskal Herria bisitatzen ari dira egunotan, eta bidaia prestatu dien agentziak aukera eskaini die Legazpiko danborradan parte hartzeko, hemengo kultura barru barrutik ezagutu dezaten. Noski, egun nagusia maiatzaren 3a izango da, Santikutz eguna. Eguerdian, urteroko moduan, Olaria saria banatuko dute. Aurten, Cesareo de La Presa izango da saritua, urtetan Legazpiko bake epailea izandakoa. Arratsaldean, berriz, profesionalen arteko pilota partidak izango dira Urbeltzen. Lehengo partidan, Olaetxea eta Imaz ariko dira, Mendizabal III.a eta Tolosaren aurka. Bigarren partidan, Berasaluze II.a eta Albisu lehiatuko dira, Altuna III.a eta Rezustaren aurka. Sarrerak egunean bertan salduko dituzte, pilotalekuan (10:00-13:00 eta 15:30-17:30). Kantxako sarrerak 25 euro balioko du, eta zutikakoak hamabi. Autobus zerbitzuak Jaietan egunero izango da Junetorri zerbitzua, 10:30etik 14:30era eta 17:30etik 21:47era. Maiatzaren 8an, goizez bakarrik. Bestalde, gauetan autobusak jarriko dituzte Urretxutik.