Jabier Otaegiren heriotzak samina eragin du Zegaman
Jabier Otaegi Zegamako Orkatz abesbatzako sortzaile eta zuzendaria hil zen larunbatean bihotzekoak jota, Zegamako eta Sant Sadurniko abesbatzek parrokian eman zuten kontzertua zuzentzen ari zenean. Otaegik 49 urte zituen. Hileta elizkizunak atzo egin z...
Jabier Otaegi Zegamako Orkatz abesbatzako sortzaile eta zuzendaria hil zen larunbatean bihotzekoak jota, Zegamako eta Sant Sadurniko abesbatzek parrokian eman zuten kontzertua zuzentzen ari zenean. Otaegik 49 urte zituen. Hileta elizkizunak atzo egin zituzten.
Otaegi oso pertsona maitea zen Zegaman, eta musikaren alde lan itzela egin zuen. Umetatik txistua jo zuen eta 14 urterekin parrokiako organoa jotzen hasi zen. Gainera, herriko txistulari taldea zuzendu zuen eta Orkatz abesbatzaren eta Tobera musika eskolaren bultzatzailea izan zen. Hiru hamarkadatan zuzendu du abesbatza.
Bi legealditan kultura zinegotzia ere izan zen, 1991tik 1995era eta 2003tik 2007ra. Joseba Izagirre alkateak herria lur jota dagoela esan du. «Kulturari eman dion bultzada ez dio beste inork eman. Herriari egin dion ekarpena ikaragarria izan da». Edurne Albizu alkate ohi eta kultur teknikariaren esanetan, «sekulako kolpea» izan da Otaegiren heriotza. «Umetatik igandero organoa jo du. Hileta guztietan berak jotzen zuen organoa. Pentsa zenbat herritarri eman dien zerbitzua…».