Zumalakarregi museoak, Bergarako Besarkadari buruzko erakusketaren barruan, Juan Inazio Iztuetaren inguruko saioa antolatu du. Mikel Sarriegik egingo du hitzaldia
Dantzari gazteak Zaldibian, Juan Inazio Iztueta zenaren etxearen atarian. Bere irudia dago jarrita, Kutxaren gainean.
Ekainaren 9an inauguratu zuten Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan
1839 Bergarako Besarkadaren aurrean. Keinua eta interpretazioa erakusketa. Bertan, Bergarako Besarkada ospetsuaren ikonografia eta bibliografia aztertzen dira. Horrez gain, besarkadaren ondorengo ospakizunen berri ere ematen du. Juan Inazio Iztueta zaldibiarrak hainbat dantza prestatu zituen ospakizun haietarako, eta Zumalakarregiko erakusketan aipatzen da haren lana. Erakusketaren osagarri, ostiralean Iztuetaren dantzei buruz gehiago jakiteko aukera izango da Ormaiztegin.
Mikel Sarriegi beasaindarrak Iztuetaren dantzen inguruko azalpenak emango ditu, 19:00etan, udaletxepeko aretoan. Sarriegik hamabost urtetik gora daramatza Iztuetaren dantzak ikertzen, eta beste dantzari batzuen testigantzak jasotzen, dantzen garapena aztertzeko.
Ostiraleko hitzaldian, zaldibiarrari buruzko bitxikeriak kontatuko ditu, bideo, dantza pauso, janzkera eta beste hainbat materialen bidez: Zergatik jaso zituen Iztuetak dantza batzuk bakarrik? Nola jaso zituen? Nola aldatu dira dantzatzeko erak urte hauetan lurralde bakoitzean?. Hitzaldia didaktikoa izango da. «Ez da oso sakona izango, ez dagoelako adituei zuzenduta», esan du Sarriegik.
Hitzaldia amaitutakoan, 19:30 aldera, Iztuetaren dantzen erakustaldia egingo dute Aurtzaka taldeko dantzariek. Udaletxepean hasiko dira, eta plazan jarraituko dute. Zehazki, Bergarako Besarkadaren lehenengo urteurrenean Bergarako ospakizun jaialdian egin zituzten dantza berberak egingo dituzte Aurtzakakoek.
Sarriegiren hitzetan, dokumentatuta dago Iztuetak jaialdi hartan parte hartu zuela. «Eta ez hori bakarrik, egin zituen dantzen deskripzioak ere jasota daude; hori oso lagungarria da guretzat, orduko dantzak nolakoak ziren interpretatu ahal izateko», azaldu du.
Dantzak eurak baino gehiago, dantzen garapena nolakoa izan den ikertzea eta ezagutaraztea interesatzen zaio Sarriegiri. Dantza batzuk aukeratu ditu, eta emanaldian zehar azalpenak emanez joango da. «Dantzak, izatez, ez dira gaur egungoen oso ezberdinak; esan liteke nahikoa mantendu direla», esan du beasaindarrak. «Baina egia da xehetasunetan badirela aldaketak, eta xehetasun horiek azalduko ditugu».
Iztueta, idazle eta dantzari
Juan Inazio Iztueta 1767an jaio zen, Zaldibian. Idazlea eta dantzaria izan zen. 1824an idatzi zuen Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia, beren soñu zar eta itz neurtu edo versoaquin. Baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac ere liburua.