ELKARRIZKETA. «Beti amestu dudan garaipenaren bila noa Zegamara»
2022an egin zuen lehen aldiz Zegama-Aizkorri mendi maratoia Elhousine Elazzaouik (Zagora, Maroko, 1992). Laugarren amaitu zuen. 2023an eta iaz, aldiz, bigarren postua eskuratu zuen.

Umetan hasi zen korrika egiten, beste haur batzuekin jolasean Maroko hegoaldeko basamortuan. Gida turistiko bezala lan egin zuen anaiaren bidaia agentzian. 2018an profesional moduan hasi zen trail running-ean. Bere pasioa zen ordura arte, eta bere ogibide bihurtzea lortu zuen. Harrezkero, mendi korrikalari esanguratsuenetako bat da. Nnormal taldeko kide da. Taldeak berak Elazzaouiren umiltasuna, pertseberantzia eta apaltasuna nabarmentzen ditu.
Bi urtez jarraian bigarren postua lortu duzu Zegama-Aizkorrin, 2023an eta 2024an. Zein da zure helburua aurten?
Aurtengoa nire laugarren urtea izango da Zegama-Aizkorri mendi maratoian korrika egiten. Laugarren postuan bukatu nuen behin (2022an), eta bi aldiz bigarren postuan, iaz eta duela bi urte. Aurten, beti amestu dudan garaipenaren bila noa Zegamara.
Zer moduz zaude? Garaipen hori lortzeko faboritoetako bat bazara.
Momentu honetan Nolin (Italia) egindako lasterketa batetik (Il Golfo Dell’Isola Trail, GTWSeko hirugarren proba) errekuperatzen ari naiz, eta hemendik aurrera, nire foku eta indar guztia Zegaman dena emateko prestatzen jarriko dut. Iazko denbora hobetu nahi dut eta lokatzean eta bidean dena utzi.
Zer nabarmenduko zenuke Zegama-Aizkorri mendi maratoiaz?
Zegamak oso txoko berezia dauka nire bihotzean. Bertako energia, jendea, historia. Herri honek beti atera du nire baitan dudan onena. Zegamara bueltatzea benetan berezia da niretzat.
«Bertako energia, jendea, historia. Herri honek beti atera du nire baitan dudan onena»
2018an hasi zinen modu profesionalean mendi lasterketetan eta bide polita egin duzu harrezkeroztik.
Bai, mendian korrika modu profesionalean 2018an hasi nintzen esan duzun bezala. Momentu horretan deskubritu nituen aukera guztiak, beti amestu nituen aukera horiek. Dena momentu hartan hasi zen.
Geroz eta gazte gehiagok hautatzen dute mendian korrika egitea eta lehiatzea. Zegama-Aizkorri kutuna da bertako askorentzat. Zer gomendatuko zenieke lehen aldiz maratoia egingo duten haiei?
Sekula gomendiorik emateko gai izango banintz, hauxe izango litzateke: ondo entrenatu, ondo prestatu, preparatuta egon, eta bideak ematen dizuna errespetatu. Ez da soilik irabazte kontua, lasterketa amaitzea eta zuk daukazun guztia ematea da.
Nazioarteko Trail Running Elkartearen Top5 zerrendan hirugarren
2018. urtean profesional modura hasi zenetik garaipen ugari lortu ditu Elazzaouik. Iazko urrian Golden Trail Serieseko garailea izan zen, Ascona-Locarnon (Suitza) finala irabazita (zirkuituko beste bi proba irabazi zituen) Remi Bonnet suitzarrarekin lehia estuan. Aurtengo martxoan, Chianti Ultra Traila irabazi zuen.
Trail running-eko izen handienetakoa da. Nazioarteko Trail Running Elkartearen Top5 zerrendan hirugarren postuan dago. Baina badu lortu nahiko lukeen garaipen bat: Zegama-Aizkorri mendi maratoia. 2022an laugarren, 2023an eta iaz bigarren, laugarren aldia izango du aurten proban, eta gogotsu dator lehen postu hori lortzeko.