Atzo jaso zuten errekurtsoa udaletxean, eta bihar arteko epea dute alegazio bat aurkezteko. Igandeko kontsulta arriskuan dago.
Desanexio espedientea onartu zuten momentua. / Arg.: Maialen Igartua
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Carlos Urquijok, errekurtsoa jarri dio igandean Itsason egitekoak diren galdeketari. Atzo jaso zuten errekurtsoa Ezkio-Itsasoko udaletxean, eta bihar arteko epea dute helegite bat aurkezteko. Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak udalaren helegitea onartuz gero, galdeketa igandean egingo dute. Helegitea onartzen ez badute, galdeketa atzeratu beharko dute.
Garikoitz Aiesta alkateak azaldu duenez, “neurri kautelar gisa” galdeketa bertan behera uzteko agindu du Urquijok. Argumentu gisa erabiltzen du galdeketa udalak sustatzen duela, baliabide materialak eta giza baliabideak jarri dituztelako. Galdeketaren antolatzailea, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundia da.
Ezkio-Itsasoko udalak Aldundira bidali du Urquijoren errekurtsoa, hango zerbitzu juridikoek azter dezaten. Itsaso Bherria elkarteko abokatuek ere aztertuko dute errekurtsoa. Bihar bertan aurkeztuko dute helegitea, eta ostiralerako erantzun bat izatea espero dute.
Haserrea eragin du errekurtsoak
Aiestak adierazi du errekurtsoa jasotzeko beldurra mahai gainean izan dutela beti, baina haserrea eragin diela azken unean jaso izanak, dagoeneko dena antolatuta zegoenean.