
Egoitza ofiziala arabiar emirerrietan duen
Bahrain-Merida klubak talde indartsua osatu nahi du datorren denboraldirako, eta hainbat fitxaketa iragarri ditu. Tartean, bi goierritar leudeke: orain arte Euskaltel eta Movistar taldeetan aritu den
Ion Izagirre ormaiztegiarra, eta Murias taldea utzita joango den Jon Ander Intsausti mutiloarra.
Izagirrek Eneco Tour lasterketan ari da egunotan, oraindik ere Movistar taldearekin. Iaz denboraldi bikaina osatu zuen, eta UCI WorldTourreko 12. postuan bukatu zuen. Hainbat iturrik zabaldu dutenaren arabera, ormaiztegiarrak bi denboralditarako sinatuko luke Bahrain-Merida talde berriarekin.

Izagirrerekin batera, beste goierritar bat ere joango da Bahrainera: Ionen lehengusua den
Jon Ander Intsausti. Jauzi handia emango luke mutiloarrak, eta izen handiz betetako talde batean bere lekua bilatu beharko luke. Izan ere, talde berrian Vincenzo Nivali eta Giovanni Visconti bezalako txirrindulari handiak izango dira. Arlo teknikoan berriz, Johnny eta Alex Carrera anaiak eta Giovanni Lombardi leudeke, besteak beste, proiektu berri honen atzean.
Jon Ander Intsausti: “Aukera hor dago, baina oraindik ez dago ezer sinatuta”
Mutiloako txirrindulariarekin hitz egin du Goierriko Hitzak, eta Intsaustik, oraindik ez dutela inongo kontraturik sinatu azaldu nahi izan du. “Egia da aukera hor dagoela, baina oraindik bi aldeetako edonork egin dezake atzera, eta ezin dugu ezer baieztatu”. Beste aldetik, Murias taldearekin zuen kontratua bukatu egiten zaio, eta ez daki hortik ere luzatzeko eskaintzarik etorriko ote zaion. “Oraindik ez dakit jarraitzeko esango didaten, hori ere airean dago”.