Mutiloako zabortegira 100.000 tona hondakin bideratuko ditu GHK-k
Palankako zabortegia kudeatzen duen Ferrovial enpresari esleitu dio zerbitzua GHK-k. Udalak dio oraindik ez dutela inongo tramitaziorik hasi; bihar dute bilera aldundianGipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak atzo prentsa ohar bidez jakinarazi zuenaren ara...
Palankako zabortegia kudeatzen duen Ferrovial enpresari esleitu dio zerbitzua GHK-k. Udalak dio oraindik ez dutela inongo tramitaziorik hasi; bihar dute bilera aldundian
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak atzo prentsa ohar bidez jakinarazi zuenaren arabera, Mutiloako zabortegiari esleituko diote «Gipuzkoak hiri -hondakinen errefusari isurpen tratamendua» emateko zerbitzua. 24,8 milioi euroko esleipena da, eta 100.000 tona hondakin tratatzea aurreikusten dute. Egun, Ferrovial taldeak kudeatzen du Mutiloako hondakin industrialen gunea.GHKren esanetan, «hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako duen azpiegituren faltaren arazoari irtenbide partziala» eman nahi diote erabaki horrekin. Gaur egun, Meruoloko zabortegira (Cantabria, Espainia) eramaten dituzten kamioien kopurua «gutxitu» egingo dela ere esan dute. Mutiloako zabortegia urte bukaeran jarriko da martxan, eta hiru urterako egongo da erabilgarri, ordurako Gipuzkoako Ingurumen Gunea deritzotena eraikita izatea aurreikusten baitute.
Lehiaketa publikoa
Aitor Aldasoro, Sasieta Mankomunitateko lehendakariaren esanetan, Gipuzkoako hiri hondakinen errefusari isurpen tratamendua emateko «lehiaketa publiko bat atera zen, Europa mailan. Eta aurkeztu diren bakarrak Mutiloako zabortegia kudeatzen duten Ferrovial Taldekoak izan dira». Aldasaroren esanetan, «onartu dutenerako pentsatzen dut ingurumen baldintzak beteko dituela».
Birziklatzen ez dena, errefusa, «edukiontzi grisekoa» eramango dute Mutiloara. «Guri egokituko zaigu ingurumen baldintzak beteko dituztela zaintzea», gaineratu du. «Jaurlaritzak oso-oso baldintza zorrotzak pasa araziko dizkio. Gero eta zorrotzagoak dira eta bete egin beharko dituzte».
Atzoko albistea «goierritarrentzat kalterako» bada ere, ingurumenarentzat hobea dela ikusten du. «Kamioien gora beherak, batez ere Ormaiztegin izango du eragina».
Baina erabaki berria «ondorio» bat dela gaineratu du. «Hainbest urtean hondakinen gaiari irtenbide bat eman ez zaionez, sortzen dugunari irtenbidea eman beharko zaio».
Jakinarazpen ofizialik ez
Iñaki Ugalde Mutiloako alkatea «ezustean» harrapatu zuen atzo GHKren prentsa oharrak. «Gutxiena espero nuen gaur [atzo] albiste hori komunikabideetatik jasoko nuela», gaineratu zion Ugaldek GOIERRIKO HITZARI.
Jakinarazpen ofizialik ez dutela azpimarratu zuen Ugaldek: «Dakigun apurra enpresaren eta Jaurlaritzaren bitartez dakigu. Jaurlaritzak jakinarazi digu Cespak Ferrovial taldearen jabetzakoa da eskaera bat egin duela. Guk espediente osoa eskatu behar dugu, horren atzetik zer dagoen ikusteko, iritzi bat eman ahal izateko». Horrekin batera, «enpresak esan zigun lizitazioan parte hartuko zuela baina udalaren oniritzirik gabe ez zuela ezer ere egingo. Udalaren oniritzirik ez du oraindik, ez dago ezer tramitatuta», nabarmendu zuen. «Zaborra ekarri behar duten leku batekin ez dute kontatu behar?», galdetu zuen. Ugaldek zehaztu zuenez, gai horri buruz hitz egiteko bilerarako hitzordua jarria zuten aurretik Gipuzkoako Foru Aldundian. Bihar eguerdian izango da bilera. Bestetik, atzo, herri bilera egin zuten Mutiloan bertan.
Mutiloako Lurpe hondakin biltegia 1998. urtean zabaldu zuten, toki berean zegoen hondakin industrialen zabortegi baten gainean. Cespa enpresak 7,2 milioi euroko inbertsioa egin zuen 11 hektareako lurra erosi eta egokitzeko. Aurreko zabortegia ez zegoen behar bezala isolatuta, eta ingurumenarentzat arriskutsua zela eta, gunea inpermeabilizatu eta birgaitu behar izan zuten beste zabor mota batzuk hartzeko. Guztira 3 milioi metro kuboko edukiera du guneak. 2006an hondakin bizigabe edo geldoak hartzeko prestatu zuten.
Mutiloako zabortegia polemika iturri ere izan da azken urteotan. Bertatik hainbat isuri atera dira Eztanda errekara, eta arrain ugari agertu izan dira hilda. 2008 eta 2009an, ke beltz lodia atera zuten sute bana ere izan ziren. Bestalde, 2010. urtean, erraustegiaren errefusa bertara ekarriko zutela zabaldu zen, nahiz eta gero, proiektua bertan behera gelditu.