Ion Izagirre ormaiztegiarra. Arg: Angel Elortza
Ofiziala da ia, Ion Izagirre Barhain-Merida taldeko txirrindularia izango da datozen bi denboraldietan. Atzo jakinarazi zuen Barhain-Meridak ormaiztegiarraren fitxaketa webgunean zabaldu zuen ohar baten bidez. Irailaren 21ean zabaldu zen Izagirrek Movistar taldea utziko zuela, eta Barhain-Meridara joatekoa zela haren lehengusu Jon Ander Insaustirekin (Euskadi-Basque Country-Murias) batera. Mutiloarraren fitxaketa ez da ofizial egin oraingoz. Orduko hartan zuhur hitz egin zuen Insaustik. “
Aukera hor dago, baina oraindik ez dago ezer sinatuta”.
Ion Izagirrek Bahrain-Merida taldeko kide berriekin bildu eta lanean hasteko gogoz dagoela adierazi du. “Taldeak begiz jota ninduela jakin nuenetik, eta hartzen ari zen itxura ikusita, talde honetako kide izateko ideiak erakarri ninduen. Erronka handia da niretzat, eta helburu berriak lortzeko lan egiteko gogoz nago”. Vincenzo Nibali izan zen (abuztuaren 3an) Ekialde-Hurbileko taldeak iragarri zuen lehen fitxaketa, eta harrezkero bata bestearen atzetik etorri dira. Izagirrerena bi hilabete eskasetan jakinarazitako 19. fitxaketa da, eta izenen zerrenda ikusita, argi dago ormaiztegiarra taldeburuetako bat izango dela.
Ormaiztegiko bi anaia txirrindularien artean gazteenak –Gorkak Movistarren jarraituko du– 2009an egin zuen debuta profesionaletan Orbearekin. 2011n Euskaltel-Euskadira joan zen, eta hura desagertu zenean, Movistarrera 2014an. Bederatzi garaipen ditu guztira profesionaletan; Italiako giroko etapa bat (2012), Poloniako Itzulia (2015) eta aurtengo
Frantziako Tourrean Alpeetako Morzinen, euripean, lortutako garaipen handia, tartean. Jaitsiera ikusgarria egin zuen Joux-Planen behera, eta Jarlison Pantano eta Vincenzo Nibali iheskideak –italiarra taldekide izango du orain– berehalakoan utzi zituen atzean, Morzinen bakar-bakarrik helmugaratuz.
“Zirraragarria da guretzat Izagirre taldean edukitzea”
Brent Copeland Bahrain-Merida taldeko manager orokorraren hitzek ormaiztegiarraren fitxaketarekin oso gustura daudela adierazten dute: “Zirragarria da guretzat Izagirren taldean edukitzea, gure txirrindulari taldeari bultzada handia emango baitio. Ziklista konpletoa da, Espainiako txapeldun izan da errepidean eta erlojupekoan, postu oso onak lortu ditu hainbat itzulitako sailkapen nagusietan, igoeretan ere abila da… Eskarmentua du gainera 27 urterekin, horietatik zazpi daramatza profesionaletan, baina oraindik hobetzeko tartea badauka, eta datozen bi urteetan beste heldutasun bat izatera iritsiko da gurekin”.
Nibaliren konfidantzazko teknikariekin inguratu da Copeland hegoafrikarra talde teknikoa osatzeko. Orain arte ezagutzera eman dituzten izenak hauek dira: Paolo Slongo (entrenatzaile burua), Michele Pallini (fisioterapeuta), Emilio Magni (medikua) eta Geoffrei Pizzorni (komunikazio burua), laurak italiarrak. Tristan Hoffman txirrindulari ohi alemaniarra izango da Barhain-Merida taldeko kirol zuzendaria.
Barhain txirrindulari taldearen sustatzaile nagusia Nasser Bin Hamad Al Khalifa Barhaingo erresumako printzea da. Taiwango Merida bizikleta etxearen babesletza ere lortu du jekeak, eta hura izango da taldeko txirrinduen hornitzaile ofiziala. Bharain-Merida, ordea, ez da izango 2017ko denboraldian debuta egingo duen Ekialde Hurbileko talde bakarra; Doha Pro Ciclyng izango bestea. Taldea World Tourreko mailara zuzenean sartzea izango litzateke logikoena, baina hori ez da erabat ziur jakingo aurtengo denboraldia bukatu arte.
Barhain-Merida taldeak fitxatu dituen txirrindulariak
· Abuztuak 3: Vincenzo Nibali (italia)
· Abuztuak 11: Manuele Boaro eta Giovanni Viscontie italiarrak
· Abuztuak 25: Kanstantin Siotsuo (Bielorrusia) eta Borut Bozic (Eslovenia)
· Abuztuak 28: Sonny Colbrelli (Italia)
· Abuztuak 29: Luka Pibernic (Eslovenia)
· Irailak 1: Heinrich Haussler (Australia) eta Grega Bole (Eslovenia)
· Irailak 7: Feng Chun-kai (Taiwan)
· Irailak 9: Enrico Gasparotto (italia)
· Irailak 10: Niccolo Bonifazio (Italia) eta Ivan Garcia (Espainia)
· Irailak 12: Valerio Agnoli (Italia)
· Irailak 19: Yukira Arashiro (Japonia)
· Irailak 20: Tsgabu Grmay (Etiopia) eta Ramunas Navardauskas (Lituania)
· Irailak 30: Javi Moreno (Espainia)
· Urriak 12: Ion Izagirre (Ormaiztegi, Euskal Herria)