Euskara, ikuskizunaren bihotza
Datorren urtekoa 20. Korrika izango da. Ikuskizun berrian Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek azken kilometroetan zirrara herriz herri eramango dute. Atzo, Legazpin izan ziren
Atzokoarekin hamasei urte dira Legazpin ikuskizun berrien aurre estreinaldia egiten dutela. Porrotxek dioenez, «testa da, aukera ona da ikuskizuna, sarrerarik gabe, adin ezberdineko haurrekin probatzeko». 2 eta 6 urte bitarteko haurrak izan ziren lehenengo txandan eta bigarrenean 7 eta 9 bitartekoak. Pailazoak taula gainean kantatzen agertu zirenean haurren pozak eztanda egin zuen atzo Latxartegin.
Ikuskizunarekin batera Miren Amurizak idatzitako ipuinak kaleratuko dituzte, baita disko bikoitz bat ere. Ikuskizunaren abestien diskoari Manolo Urbieta musikagilearekin osatutako diskoa gehitu diote. «Lana ateratzear zegoela joan zitzaigun Urbieta», dio Porrotxek.
«Ikasturte osoa korrikan egingo dugu», esan du Pirritxek, «hiriburuetan nahiz herrietan izango gara, negar zein barre egingo dugu eta hori guztia euskaraz, euskara baita euskaldunok ideia eta hitz politak lotzeko daukagun kaxa».
Eguberrietako saioa aurreratuko dute Ordizian Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Eguberrietan ohikoa duten Ordiziako saioa aurreartu egingo dute aurten, egutegiak behartuta. Abenduaren 17an izango da Majori kiroldegian, eta bi saio egingo dituzte. Ordiziako Jakintza ikastolak, Lazkaoko San Benito ikastolak eta Beasaingo Andramendi ikastolak antolatzen dute saioa. Lehiatilan bildutako dirua, Seaskarentzat izango da aurten ere.













