Txirrinduzaleen bigarren festa egingo dute. 1985eko taldekideak elkartuko dira; Dina Bilbao ere oroituko dute. Ainara Elbusto ziklista sarituko dute, urteko emaitzengatik
Emakumezkoen txirrindularitzan Orbea taldea izan zen aitzindaria, 1980ko hamarkadaren erdi aldera. Nesken taldea atera zuten, eta lasterketetan lehiatu ziren, bai Euskal Herrian, bai nazioartean. Talde hari eta txirrindulari haiei omenaldia egingo diete, larunbatean, Gabirian. Euskal txirrinduzaleen II. Gabiria Kopa festa ospatuko da, bazkari (14:00), omenaldi, sariketa eta solasaldiarekin.
Gabirian izango dira Orbean ibilitako Arantxa Orbegozo
Txitxi, Josune Gorostidi eta Amaia Elosegi. Dina Bilbao zena —taldekidea izan zen triatloian hasi aurretik; 1997an Karibe itsasoan desagertua— oroituko dute. Bikotekide izandako Josu Iztueta abenturazalea eta Orbearen zuzendari izan zena ere joango da.
Gonbidatu gehiago etorriko dira, 30 bat. Angel Ortiz Orbearen beste zuzendaria, edo emakumeen taldeko bizikletak muntatu zituen lehenengo mekanikaria. Aktiboan ari diren txi- rrindularien artetik, Ion Izagirre eta Murias-Euskadi taldeko goierritarrak (Gari Bravo, Jon Ander Intxausti, Pello Olaberria, Alex Aranburu) joango dira.
Gabiria Kopak aurten Euskal Herriko lasterketetan onenak izan diren ziklistak sarituko ditu. Gizonetan, puntuaketan irabazlea Sergio Luis Henao (Sky) izan da, gazte onena Nairo Quintana (Movistar) eta lehen euskalduna Pello Bilbao (Caja Rural).
Ainara Elbusto saritua
Emakumeetan, berriz, II. Gabiria Koparen irabazlea Megan Guarnier (Boels Dolmans) da, gazte onena Elisa Longo Borghini (Wiggle High5) eta lehen euskalduna Ainara Elbusto (Reyno de Navarra).
Elbusto festan izango da. «Ez da lar ezaguna jende artean, Ane Santesteban izan litekeen beste. Baina mundu mailan benetako izarra da Ainara Elbusto.
Fixie bizikletekin —pinoi bakarre-koak— izar itzela da, karrerak irabazitakoa AEBetan, Italian eta bazter guztietan», dio Julen Gabiria galdakaoarrak, Gabiria Koparen sortzaile eta antolatzailea.
Bazkaria Osinalde elkartean egingo dute (18 euro); izena aurrez eman behar da (
gabiriakopa@gmail.com edo 655 702 305era
Whatsapp mezua).
Bazkal ondoren hasiko da ekitaldia, 15:30a aldera.
Tropela-ren barruko Gabiriako Kopa tropeltxoan lehenengo bostei opariak emango dizkiete. Elbusto saritu, eta Orbeako ziklista ohiak omenduko dituzte gero. Solasaldia egingo dute; Xabier Usabiaga kazetaria han izango da.