Mendizabalen sexu abusuak hizpide, ETB1eko 'Ur handitan' saioan
Eliza eta sexu abusuak hizpide izango ditu gaur ETB1-eko Ur handitan telebista saioak. Horien artean, Juan Kruz Mendizabal Kakux apaiz ormaiztegiarrak egindako abusuak kontatuko ditu izenik eman nahi izan ez duen gizonezko batek. Oraingoz ezagutzen den laugarren testigantza litzateke; aurreneko biek Gipuzkoako Elizbarrutiarengana jo zuten, eta hirugarren batek, Berrian egunkarian azaldu zuen berari gertatutakoa.
ETBk jaso duen testigantza horretan, 14 urte zituela udako kanpaleku batzuetan gertatutakoa kontatzen du lekukoak. “Abusuak jasan nituen pertsona horren partetik”. Mendizabal “oso maitatua” zen bere inguruan, “oso apaiz modernoa” baitzen. Gertatutakoa kontatu zuenean “oso bakarrik” sentitu zela dio, baina orain, “egia ezagutarazteko unea” heldu dela.
ETB1ek gaur eskainiko du Xabier Madariaga kazetariak gidatzen duen Ur handitan saioa, 22:15ean.