Ormaiztegin egindako batzarrean, «positiboki» baloratu dituzte orain arte egindako ekintzak, eta mobilizazio gehiago egitea aurreikusi dute. Mutiloako Udalaren egoera ere salatu dute
Mutiloara hondakinak ekartzearen kontra eta birziklapenaren alde sortutako Goierri BirZirik herritar plataformak mobilizazioekin jarraitzeko asmoa iragarri du. Astearte iluntzean, batzar irekia egin zuten Ormaiztegin, eta bertan, orain arte egindako ekintzen balorazioa eta aurrera begira eman beharreko pausoak aztertu zituzten.
Plataformak azaldu duenez, GHKko eta Lurpe isurtegiko arduradunek «aldaketarik gabe, euren asmoekin aurrera» jarraitzen dute. Mutiloako Udalak martxoaren 15era arteko epea du Lurpek egindako erabilpen baimenari erantzuteko. Ezezkoa emango balu, enpresak epaibidera jo eta kalteordainak eska litzakeela jakinarazi du Iñaki Ugalde alkateak. Horren au- rrean, plataformak «Mutiloako udalaren arauak zein herri borondatea» aintzat ez direla hartu salatu du, eta «mobilizazio gehiago antolatzea aurreikusi» dutela.
Martxoan, Donostiara eramango dute protesta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarira. Martxoaren 15eko data hori kontuan izanda, Mutiloan ere ekintzak aurreikusi dituzte, «herri borondatea eta udalaren burujabetza» errespetatu daitezela aldarrikatzeko. Ekintza horien egunak eta xehetasunak, datozen asteetan jakinaraziko dituzte.
Ormaiztegiko bileran bildutako herritarrek «positiboki» baloratu dituzte orain arte eginda-koak, batez ere, abenduaren 18ko manifestazio jendetsua. Horrekin batera, orain arte 2.000 sinaduratik gora bildu direla eta Goierriko 9 udaletxetan mozioak onartu dituztela azaldu zuten; Altzagako Udalari ere aurkeztu diote testua eta datozen egunetan tramitatuko dute.