Iaz bi talde goierritarrek hasitako bidea zabalduta, aurtengo Panda Raid lasterketa solidarioan bost auto prestatu dituzte. Bihar abiatuko dira, eta igandean Marokon sartuta, sei etapa dituzte
Panda Raidean parte hartuko duten Goierriko bost taldeetatik lau, herenegun, Zegamako Anduetza parketxean. // Aimar Maiz
GPS teknologiaren eta errepide erosoen aroan, geroz eta gehiago dira gidaritzaren esentziaren bila
iraganera bidaiatzen dutenak. Kasu honetan, Afrikara. Marokon barrena korritzen den Panda Raidak aukera horixe damar, eta aurten bost talde goierritar animatu dira —iaz bi ziren—. Iparrorratza eta mapa hartuta, abentura kutsuko zeharkaldi solidarioa egingo dute, larunbatean hasita, 7 etapatan.
Fiat Panda auto arruntak zertxobait prestatu, eta milaka kilometro egingo dituzte partaideek. Goierriko taldeak bihar 15:30a aldera abiatuko dira, Zegamako plazatik, denak batera. Panda Raidaren 9. ekitaldia Madrilen hasiko da, etzi 12:30ean. Almeriarainoko 560 kilometroak dituzte lehenik, 0 etapa gisa.
Behin itsasoa ferrian pasatu, eta beste sei etapa dituzte: Nadorretik hegoaldera Merzougako erpineraino jo lehenik, eta beste hiru egun mendebalera, Marrakexen bukatzeko ostiralean.
Itzuliko bidaia ere, Fiat Pandarekin egingo dute: 1.700 km.
Iazko esperientzia badute Joseba Berasategi-Jon Zubiaurre zegamarrek eta Manex Mendizabal-Aitor Ordozgoiti zaldibiarrek. «Iaz ondo atera zen Panda Raida. Orientazioarena esperientzia zoragarria da. Mekanikaz autoek oso ondo erantzun zuten», dio Berasategik.
Raida, hori bai, gogorra da; bai autoentzat, bai gidarientzat fisikoki. «400 kilometrotik gorako etapak daude, asko pistetan. Bizkarra eta sorbaldak deseginda geratzen dira. Lo ere kanpinean, eta ez da berdin atseden hartzen. Antolakuntza ona da, hala ere, dutxak eta komunak badaude».
Helburua, eskola bat egitea
Aurten ez diete antolakuntzak eskola-materialik eskatu. Baina laguntzeko arrazoi bat badaramate: Ait Ahmed herrian, Agadir eskualdean, haurrentzat eskola bioklimatiko bat eraiki eta garatuko dute, raidak sortzen duen 210 tona CO2 isuri konpentsatzeko. Inskripzioaren %45 horretara bideratuko dute.
300 taldek parte hartuko dute, tartean 5 goierritar. Basamortuko beroa, Atlaseko hotza, eta Marokoren bihotza dituzte zain.
GOIERRIKO TALDEAK
· Autoa. Fiat Panda (Marbella ere izan liteke). 4×2 edo 4×4 trakzioa.
· Goierritarrak: Goierriko bost bikotek parte hartuko dute:
– Joseba Berasategi-Jon Zubiaurre (Zegama)
– Manex Mendizabal-Aitor Ordozgoiti (Zaldibia)
– Mikel Berasategi-Iñaki Labaka (Zegama)
– Arkaitz Aldasoro-Raul Murgia (Zegama-Araia)
– Xabi Mendizabal-Ibon Arregi (Beasain-Ordizia)
· Jarraipena. Facebooken ‘Puntarik punta’ eta ‘Bamiks Racing’ orrietan, denbora errealean.
IBILBIDEA
· Egunak. Bihar, 15:30ean Zegamatik Madrilera. Egiaztapenak zapatu goizean, hasiera 12:30ean.
· Etapak:
– 0. Madril-Almeria (560 km, martxoak 4)
– 1. Nador-Tissaf (250, mar.5)
– 2. Tissaf-Boudnib (329, mar.6)
– 3. Boudnib-Merzouga (177, mar.7)
– 4. Merzouga-Tafrante (549, mar.8)
– 5. Tafrante-Tansikht (283, mar.9)
– 6. Tansikht-Marrakex (296, mar.10)