Xabier Azurmendi: «Artzaintzatik bizitzea haurra nintzenetik izan dudan ametsa da»
Xabier Azurmendi (artzaina)
Xabier Azurmendiren betiko ametsa izan da artzaintzatik bizitzea. Pausoz pauso bere ametsa betetzeko bidean da, artaldea osatuta, gazta egiten hastea du helburu etorkizun laburrean.
Nolatan artzain?
Etxean beti ezagutu dut artzain ofizioa eta bizi guztian gustatu izan zaidan zerbait da. Aitona artzaina zen, Zegamako Arretxe baserrikoa. Nik 10 urte nituela hil zen. Aitak ez zuen ofizioarekin jarraitu, fabrikara joan zen lanera, baina ez du inoiz baserriarekin harremana eten. Ardiak ez, baina behorrak beti izan ditu eta esku bat ere bota du beti baserrian.
Aitonaren anaia eta haren seme bat ere artzainak dira. Ni ez nintzen baserrian jaio, Zegaman kalean bizi izan naiz beti, baina baserriarekin oso harreman estua izan dut beti. Batez ere aitonaren anaiarekin, haien etxean beti ardiekin ibili izan naiz. Berak, haren semeak eta aitak irakatsi didate ofizioaz dakidan guztia.
Zeintzuk dira haurtzarotik gordetzen dituzun oroitzapenak?
Nik nire burua beti ganadu artean oroitzen dut. Esan bezala, baserrian izaten nintzen beti, eta harreman oso zuzena izan dut animaliekin, batez ere ardiekin. Koxkortutakoan ere, lagunak kotxeak edo futbola izaten zituzten gustuko, baina nik beti izan dut nahiago hau.
Zuk ere, aitak bezala, fabrikan lan egin duzu aurretik.
Zortzi urte pasa nituen fabrika batean lanean, baina segituan konturatu nintzen bizimodu hura ez zegoela niretzako eginda. Orain lau bat urte hartu nuen fabrika utzi eta artzaintzan hasteko erabakia. Nik garbi nuen, baina ingurukoak konbentzitzen izan nuen lanik handiena.
Zergatik?
Aitak badaki zer den artzaintzatik bizitzea, bera artzain izan ez den arren. Bizimodu gogorra da, eta horregatik hasieran kosta egin zitzaion nire erabakia onartzea. Azken finean, aitak ezagutu zuen artzaintzak eta gaur egungoak ez dute zerikusirik, gauzak asko aldatu dira. Hau nire ametsa zela ulertu zutenean, beraien babes osoa jaso nuen.
Nola hasi zinen? Zeintzuk dira eman zenituen lehenengo pausoak?
Hasteko artalde kozkor bat erosi nuen. Lehendik ere banituen ardi gutxi batzuk, 30 bat buruko artaldea beti izan dut etxean kapritxoz. 14 urterekin erosi nituen nire lehendabiziko ardiak. Hori egitearekin batera, Arantzazuko Artzain Eskolan eman nuen izena, zerbait gehiago ikasi eta aurrera egiteko asmoz.
Nolako esperientzia izan zenuen Arantzazuko Artzain Eskolan?
Niretzako esperientzia ona izan zen. Lana egiteko beste modu batzuk ikasi nituen, etxekoaz aparte. 900 orduko ikastaroa izan zen guztira, eta nire egoera berean zeuden gazteak ezagutzeko aukera ere izan nuen.
Artaldea osatuz joan eta formazioa jasotzea izan ziren lehen pausoak hortaz. Baina ardiak zaintzeko azpiegituraren bat ere beharrezkoa da, ezta?
Bai. Ardiak pixkana erosten joan naiz, eta gaur egun jada artaldea osatuta daukadala esango nuke. Garai batean oilategi izan zen nabe bat alokatu nuen Zegaman, eta pixkanaka nituen beharren arabera egokituz joan naiz. Lehenengo ardiak egoteko lekua txukundu, jana emateko azpiegiturak egin eta ardiak jezteko lekua egin genituen. Iazko maiatzean oilategia erosi nuen, eta orain gaztandegia ere egiten ari naiz.
«Ardiak beti izan ditut etxean kapritxoz, 14 urte nituela erosi nituen lehenengoak» «Egungo artzaintzak ez du garai batekoaren antzik, asko aurreratu da»Gazta egiteko asmoa duzu hortaz? Bai. Familian beti egin izan dute gazta aitonaren anaiak eta haren semeak. Artzain Eskolan ere zerbait ikasi nuen, baina guztiarekin bezala, hori ere eginez ikasiko dela pentsatzen dut. Orain, momentuz, ardien esnea saltzen diot Vasco-Navarra zentralari, eta arkumeak ere saltzen ditut. Etorkizunari begira, hori gazta ekoizpenarekin eta salmentarekin uztartzea gustatuko litzaidake. Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazta egingo dut, artzain gazta, nire ardien esnearekin ekoitzitakoa. Nola ikusten duzu esnearen sektorea? Gaur egun esneak justu samar bizitzeko adina ematen du. Gainera, Sorian ireki nahi duten makro proiektu hori martxan jarriko balitz, ni bezalako ekoizle txiki denak jango lituzke. Nik uste, artzainen lana ez dagoela merezi bezain beste baloratuta. Lana gogorra da, hau gustuko ez baduzu ez dago honetatik bizitzerik. Lanbidea gogorra dela esan duzu. Nola antolatzen zara? Hemen ez dago ordutegi finkorik, ez eta asteburu edo jai egunik ere. Udazken-negua Zegaman pasatzen dugu. Ardiei jaten eman behar zaie, eta egunean bitan jetzi behar dira antzutu arte. Urtarrila arkumeak jaiotzeko garaia izaten da, eta adi egon beharra izaten da. Udaberri-udan mendira igotzen ditut ardiak, Txurrukupunta ingurura. Orduan, oilategian egin beharreko lanak egiteko aprobetxatzen dut. Zertan aldatu da zure aitonaren garaiko artzaintza? Garai batean ardiekin kanpoan egiten zen lan beti, eguraldi txarra ala ona egin. Gaur egun, azpiegiturak asko aurreratu dira, eta teknologia berriek ere asko laguntzen dute, adibidez, ardiak jezterako orduan. Lanbide honetan jubilatu nahiko nuke. Haurra nintzenetik gustatu zaidan zerbait da eta nire ametsa betetzeko bidean nagoela uste dut.