Santanderko Senor Independiente eta Ampo Ordizia (urdinez) taldeen arteko partida, atzo. // Argazkia: Ainhoa Muriel.
Ahalegina egin dute, baina ezinezkoa izan da. Ampo Ordiziak zazpigarren postuan bukatu du liga erregularra, eta ez da titulua lortzeko play offetan izango. Atzo zale ugarik lagunduta joan ziren goierritarrak Santanderrera, Senor Independienteren kontrako partidara. Arerio zuzena zuten, eta ordiziarren esku zegoen garaipena eta sailkapena lortzea, baina etxekoek ere ondo prestatu zuten partida, eta azkenean 28-10 nagusi izan ziren.
Aurreneko zatia gogorra eta oso parekatua izan zen, eta bi taldeak saiatu ziren erasoan aurkariari min egiten. Bi akats tarteko, ordea, Santandergoek bi entsegu egin zituzten, eta aldapa gora jarri zitzaien partida goierritarrei. Ez zuten etsi ordea, eta atsedenaldiaren aurretik markagailuan 14-10 gerturatzea lortu zuten. Bigarren zatia motelagoa izan zen eta Ordiziari kosta egin zitzaion erritmoa hartzea. Beste bi entsegu egin zituzten etxekoek, eta Ampok erreakzionatu bazuen ere ez zuen puntu gehiago lortzen asmatu. Azkenean, 28-10, etxeko taldea nagusi.
Ampo Ordiziak zoriondu egin nahi izan du Senor Independiente taldea, sailkapena lortu duelako. Kopan Ampok kanporatu zuen Santandergo taldea, eta oraingoan, errebantxa hartu dutela esan liteke. Santanderrera joandako zaleei ere egindako ahalegina eta taldeari emandako babesa eskertu die klubak.