Gorka Izagirrek Giroko zortzigarren etapa irabazi du
Movistar Team taldeko Gorka Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak Italiako Giroko zortzigarren etapa irabazi du, 189 kilometroko Molfetta-Peschici etapa.
Valerio Conti, Giovani Visconti eta Luis Leon Sanchezekin batera ihes eginda iritsi da Izagirre Peschici herriko azken maldara, eta bihurgunean Conti erori ondoren, erasoa jo eta etapa irabaztea lortu du ormaiztegiarrak. Lasterketa “oso gogorra” izan dela esan du Izagirre anaietan zaharrenak.
Aurtengo denboraldian irabazi duen bigarren etapa da gaurkoa, apirilaren 8an Udaberriko Klasikoan nagusitu baitzen Zornotzan. Profesionaletako seigarren garaipena du hau Gorka Izagirrek, orain artekoetan garrantzitsuena. 2010, 2012 eta 2014. urteetan Ordiziako Klasika irabazi zuen.