UEFA Women's Champions Leagueko finala jokatuko du futbolari legazpiarrak Cardiff-en, ekainaren 1ean, Olympique Lyonnais taldearen kontra
Irene Paredes (Legazpi, 1991) futbol jokalari legazpiarrak UEFA Women’s Champions Leagueko finala jokatuko du Paris Saint Germain bere taldearekin datorren ekainaren 1ean Cardiff City Stadiumean, Galesko hiriburuan. Finala Olympique Lyonnais taldearen kontra jokatuko du Parisko taldeak; bi talde frantses finalera iritsi diren lehenengo aldia da.
Ez Paredesek, ezta bere taldekideek ere, ez dute partidaren aurretik adierazpenik egingo. Paris Saint Germain-eko nesken taldeko prentsa buruak esan du entrenatzaileak adierazpenik ez egiteko mandatua eman duela, «hain zuzen, partidarako erabat kontzentratuta egon daitezen».
Bost urtez Athletic-en jokatu ondoren, Paredesek lehenengo denboraldia du Paris Saint Germain taldean. Aurreko otsailean 2019ra arte bertan izateko kontratua sinatu zuen legazpiarrak.
Paredes futbol zelaian erdiko atzelaria da. Athletic-en amateur moduan jokatzen zuen, hau da, ez zen futbolean era profesionalean jarduten. Aurretik egindako adierazpen batzuetan Paredesek Paris Saint Germain taldeak futbolean profesionalki aritzeko aukera eman diola esan zuen.
Frantziako nesken ligako hamaikako onena zein izango litzatekeen aukeratu dute, eta Paredes legazpiarra hamaikako horretan sartu dute. Hainbat kirol komunikabide bat datoz munduko zentralik onenetakoa dela esaterakoan.