Urduritasun puntu batekin baina eguna iristeko gogoz daude maratoian parte hartuko dutenak .Lau korrikalari goierritar beraien esperientziaz eta sentsazioez jardun dira

Korrikalariak dira Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren protagonistak, eta haientzako ere, proba berezia da, batez ere, Aizkorpe bailarakoentzat. Etxekoa delako, eta txiki-txikitatik bizi izan dutelako. Mendi lasterketen munduan hasten diren guztien helburu izaten da, eta proba egin dutenek, errepikatu egiten dute. Azken egunak nerbioak dantzan dituztela pasatzen dituzte ordea, urtean zehar egindako lanak bere fruituak emango dituen esperantzan.
Iganderako atzera kontua hasi da maratoian parte hartuko duten bostehundik gora korrikalarientzat, eta gogoa, ilusioa eta nerbioak nahasten zaizkie barruan. Aurreneko aldiz aterako direnenek proba barrutik ezagutzeko grina hori daramate beraiekin. Lehendik arituak direnek, berriz, lasterketarekin disfrutatu, eta ahal dela, aurreko urteetako denbora hobetu nahi dute.
Aurten bosgarren aldia izango du Beñat Katarainek, eta hirugarrena Uxua Barandiaranek. Biak ere, Zegaman bizi dira, eta horregatik «pribilegiatuak» direla dio Barandiaranek. «Zozketa ez dute denboraldi hasieran egiten, eta entrenatzera joan eta ez jakitea tokatuko zaizun edo ez… dortsala izango duzula ziur dakizunean, beti izaten duzu motibazio extra hori».
Ion Iñaki Izagirre eta Endika Mantecon segurarrek, aldiz, aurrenekoz egingo dute proba. Biek ere zortea izan dute aurtengoan. «Ez pentsa gehiegitan ere saiatu naizenik», dio Izagirrek. «Urteren bat edo beste izan da, baino gehiago zentratu izan naiz beste lasterketa batzutan. Baina banuen gogoa eta aurten suertatu da, eta ea nola ateratzen den». Manteconek ere, zorte handia izan du, aurtengoa izan baitu aurreneko saiakera. «Lagun bati dortsala tokatu zitzaion San Silbestre proban, eta niri eman zidan. Zorte handia da eta animatuta nago».
Lasterketa «berezia»
Zegama-Aizkorri mendi lasterketa «berezia» dela esaten dute kanpotik etortzen diren korrikalari guztiek, ibilbideagatik, antolaketagatik eta zaleen aldetik jasotzen duten babes eta berotasunagatik. Baina kanpokoentzat ez ezik, bertakoentzat ere oso proba berezia eta maitea da Zegamakoa. Urtean zehar proba askotan aritu arren, Zegamakoa «urteko lasterketa» dela dio Katarainek. «Etxean ari zara eta urduritasuna ere gehiago nabaritzen da. Gau horretan ez da lo askorik egiten». Hala ere, «egun polita» dela dio. Manteconek ere «festa egun bat» bezala ikusten du, eta gogotsu dago proba barrutik ezagutzeko.
«Denok sufrituko dugu pixka bat, baina
helburua Zegamara ondo iristea da»
Ion?Iñaki?Izagirre (Segura)
«Entrenamenduen dinamikatik atera eta
lagunekin aritzea ona da, pilak kargatzeko»
Uxua Barandiaran (Zegama)
Barandiaranek ere, proba horrek «setimendu asko» nahasten dizkiola dio. «Izan da lasterketa bat beti gertu-gertutik bizi izan dudana, herrian bertan egiten delako, eta gogoan dut nola aitarekin eta amarekin joaten ginen Sancti Spiritura ikustera». Gerora, korrika hasi eta «serio» hartu zuenean, Zegama-Aizkorri «beti buruan» zuen helburua zela azaldu du. Duela bi urte izan zuen aurrenekoz proba egiteko aukera, eta «urte askoan urrutiko helburu bezala ikusten nuen hori betetzeko aukera» izan zuela dio.
Proba oso gaztetatik bizi izan du Izagirrek ere. «Lehenengoa dut aurten, baina hasiera-hasieratik aitarekin lasterketa ikustera etorri izan naiz, eta aldameneko herrikoa izanda eta mendia gustatuz gero, obligazioa ez baina banuen gogo hori».
Prestakuntza

Zegama-Aizkorri bezalako mendi lasterketa batek urte osoko prestakuntza eskatzen du. Entrenamenduetarako bizimodua, ordutegiak eta familia antolatu behar izaten dituzte askotan. «Bakoitzak duen denboraren eta gogoaren arabera» izaten dela uste du?Barandiaranek, «baina batez ere denborak» agintzen duela. «Nire kasuan jardunaldi erdiko lan bat dut, bi ume, etxea, gizona ere arrantzan ibiltzen da eta bere txapelketak baditu… hori dena konpatibilizatu beharra izaten dugu. Nik normalean astean lau eguneko entrenamenduak sartzen ditut, gehienera jota bost».
Izagirrek ere, entrenatu bai baina ez dela gehiegi behartu behar uste du. «Azkenean ez gara profesionalak eta hau gustoz egiten dugu. Bakoitzak dituen tarteen arabera antolatzen gara, eta ahal den neurrian disfrutatu egin behar da, ze bestela, hau obligazio bezala hartzen baduzu, okerrerako da». Askotan elkarrekin entrenatzen dute biek, eta lasterketa askotan elkarrekin parte hartu dute. Entrenamenduen errutinatik ateratzeko ondo etortzen zaiela dio Barandiaranek. «Askotan behar izaten da. Ze bestela entrenamenduen dinamika horretan sartzen gara, eta beharrezkoak dira kalitatezko entrenamendu horiek, eta horretarako bakarrik joatea bezalakorik ez dago, baina aldi berean, buruz ere behar da batzuetan kuadrillan edo konpainian joan eta erlojuari horrenbeste begiratu beharrean, beste gauza batzuei bilatzea. Burua deskonektatu eta pilak kargatzeko behar izaten da askotan, gero berriz ere astean zehar entrenamenduei ekiteko».
«Urteko lasterketa da. Etxean ari zara
eta nerbioak gehiago nabaritzen dira»
Beñat Katarain (Zegama)
«Egunero dabil jendea entrenatzen.?Baina
hori ona da, turismoa ere bultzatzen du eta»
Endika Mantecon (Segura)
Mantecon ere, Katarainek zirikatuta hasi zen korrika. «Korrika aurten hasi naiz, lehen beti bizikletan ibiltzen nintzen, eta artaburu honek [Beñatengatik dio] pikatu ninduen, hasi ginen mendian biok eta gustura». Bizikletaren mundutik datorrenez, ez du entrenatzeko modua kolpetik aldatu. «Nola urte askoan bizikletan aritu naizen, orain kolpean korrika hasi eta dena aldatzerik ere ez dago, gorputzak ere ez du uzten eta. Bizikleta, korrika, gimnasio pixka bat…».
Katarainek berriz, urte osoan korrika egiten duela dio, proba bat edo bestea prestatu beharrean, lasterketa askotan parte hartuz. «Ni ez naiz urte osoan gelditzen. Konpetitu ere asko egiten dut, eta batzuetan agian pasata ere iristen naiz, baina berdin dio».
Eguraldiari begira

Baina ez dira bertako korrikalariak bakarrik. Azken bi asteetan, «egunero jendea entrenatzen» dabilela diote, eta asteburuetan?«benetako erromesaldia» ematen duela. Hori ona dela dio Manteconek, turismoa erakartzen duelako. Katarainek, txantxetan, «peajea» jarri beharko dutela erantzun dio, «dirutza» aterako bailukete.
Prestakuntzak eginda eta nerbioak alde batera utzi nahian, igandean egingo duen eguraldiari begira daude korrikalariak. Azken urteetako giro euritsu eta hotzen ondoren, aurtengoan eutsiko diola dirudi, eta giro epelagoa nahiago dute gehienek.
Beñat Katarainek garbi dauka:?«Nik eguzkia nahi dut». Izan ere, azken lau urteetan hotzarekin eta euriarekin korrika egitea tokatu zaio eta «pixka bat nazkatuta» dago. «Ateri egiteko desiatzen nago ni». Endika Manteconek ere «giro ona» nahiago luke. «Beroarekin agian denbora okerragoak aterako dira, baina egun horretan behintzat disfrutatu eta festa egun bat izan dadila».
Berozalea da Uxua Barandiaran ere.?«Nik hotza oso gaizki eramaten dut eta iazkoa oso gogorra izan zen». Horregatik, «iazko hotza baino, bero antzera nahiago» duela dio. Jon Iñaki?Izagirre da beroari beldurrik handiena diona. «Beroari eta hezetasunari. Gehiegi kontrolatzen ez den faktore bat da hezetasunarena, eta eragin handia izan dezake. Baina iaz pasa behar izan zutena ere, hotzarekin, euriarekin… hori ere ez da ona».
Gustura gelditzea helburu
Aurreneko aldia duten ala gehiagotan aritu diren, korrikalarien helburuak ere aldatu egiten dira.?Denek norbere buruarekin eta egindako lasterketarekin gustura gelditzea dute xede. Izagirrek «ahal den lasterketarik duinena» egin nahi du, eta nola ez, helmugara iritsi. «Denok dakigu sufritu beharko dugula, baina helburua hori da, Zegamara ondo iristea, behar den bezala». Barandiaranek eta Katarainek berriz, «iazko denbora hobetzea» dute helburu. Eguraldiak lagunguz gero, aukera aproposa izan daiteke asmo hori betetzeko.
ZEGAMA-AIZKORRI: