Ordiziarraren semeak hiru urte bete ditu astelehenean eta Ordiziara ekarri dute. Mendizabal eta Gonzalez aita Euskal Herrira gerturatzea eskatu du Sarek
‘Motxilaren umea’ filma eskainiko dute gaur Ordizian.
Pasa den astelehenean, maiatzak 29, Idoia Mendizabal preso ordiziarraren seme Ametsek hiru urte bete dituela eta, Espainiako espetxe politikaren ondorioz, amarengandik banandu zuten. Ama-semeak banatu eta ehunka kilometrora urrundu dituzte. Ametsen urtebetze egunean bertan gertatu zen hori. Sakabanaketa politika salatzeko asmoarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu Sare Ordiziak aste honetarako.
Ordiziako Sarek adierazitakoaren arabera, orain arte «Amets, amarekin eta aitarekin egon da Picasesenteko espetxean, Valentzian». Idoia eta semea «uneoro egon dira elkarrekin haurra jaio zenetik, eta aitak eta hiruek elkarrekin egoteko aukera ere izan dute, astean bizpahiru alditan, euskal presoek jasaten duten espetxe erregimen berezian izan bada ere». Aurrerantzean, «amaren familiarekin biziko da haurra», Ordizian, 600 kilometroko distantziak banatuta eta gurasoak «Picassenten geldituko dira, sakabanaketa politikaren eraginez, semearengandik, familiarengandik eta jaioterritik urrun».
Horregatik, «Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalez (Ametsen aita), Euskal Herriko kartzelaren batera ekartzea» eskatzen du Sarek, «humanoa, oinarrizkoa eta ezinbestekoa» dela uste baitute. Horrez gain, «haien eskubidea, eta ez hori bakarrik, Ametsen eskubidea ere» badela nabarmendu dute. Horrela, «semeak amarekin duen harremana ez litzateke hain modu bortitzean etengo eta harreman afektibo hori lagungarri izango luke haurrak bere garapenean». Gainera, «familia harremana ez litzateke moztuko eta errepideko arriskuak izugarri murriztuko lirateke». Azpimarratu dutenez, haurrak, gurasoekin elkartzeko 1.200 kilometroko joan-etorriko bidaia egin beharko du Picassentera.
«Guraso eta semearen eskubidea izateaz gain, ordiziar guztiena ere» badela adierazi du Sarek.
Ekitaldiak
Egoera hori salatzeko asmoarekin, hainbat ekitaldi antolatu dituzte aste honetarako Ordizian. Gaur, osteguna,
Motxilaren umea film pedagogikoda emango dute. Euskal presoen sakabanaketa lantzen du filmak, baina haurrei zuzenduta dago. Emanaldia D’elikatuz zentroan izango da eta Itxaro Mendizabalek egingo ditu aurkezle lanak.
Horrez gain, larunbaterako, Salatzen dut eguna antolatu du Sarek. Ekitaldiak 12:00etan hasiko dira Porrotxekin, Barrena jauregiaren atarian. Motxila batekin joateko deia egin dute eta puxikaren abestia kantatuko dute. 13:00ean batukada ariko da ka-leak girotzen. Herri bazkaria egingo dute ondoren, eta arratsaldean 18:00etan txokolate jana egingo dute. Ordubete ge-roago, Gureran eta Altxa Gudari taldeen kontzertua izango da.
EGITARAUA
Gaur, Osteguna
· 19:00. Motxilaren umea film pedagogikoaren emanaldia, D’elikatuz zentroan. Ondoren, solasaldia egingo dute.
Larunbata
· 12:00. Porrotx, Barrena plazan.
· 13:00. Batukada, Barrena plazan
· 14:00. Herri bazkaria. Bazkal ondoren umeen jolasak.
· 18:00. Txokolatada plazan
· 19:00. Gureran eta Altxa Gudari taldeen kontzertua.