Irribarria eta Albisu elkarrekin, Ordizian
Profesional mailan ez da izan biak elkarrekin jokatzen ikusteko aukera handirik. Horregatik agian, ikusmin berezia sortu du Ordiziako Santa Ana jaietako pilota jaialdiak. Partida estelarrean, Iker Irribarria aurrelari aramarra eta Jon Ander Albisu atzelari ataundarra bikote berean ariko dira, Olaizola II.aren eta Zabaletaren aurka. Jaialdia Santa Ana zaindariaren egunean, uztailaren 26an izango da. Aurretik, Retegi Bi eta Martinez ariko dira Jaka eta Lasa IV.ren kontra.
Euskal Jaietan, berriz
Ataundarra eta aramarra elkarrekin jokatzen ikusteko aukera gutxi izan dira orain arte –Legazpin jokatu zuten biek 2015. urtean, Urrutikoetxearen eta Barriolaren aurka–, biak enpresa ezberdinetan ari direlako. Baina Santa Ana jaietakoa ez da udara honetan elkarrekin jokatuko duten bakarra izango. Izan ere, irailaren 6an, Ordiziako Euskal Jaien barruan, bikote moduan aterako dira berriz kantxara, kasu horretan, Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra jokatzeko.
Ordiziako bi jaialdi horien antolatzaileek ahalegin berezia egin dute Goierrin hain ezagunak eta jarraituak diren bi pilotariak elkartzeko, eta era berean, maila handiko partidak antolatzeko, Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.a ere Ordizian izatea lortu baitute.
Bonuak eta sarrerak
Bi jaialdietarako bonu edo txartelak 65 euroan jarriko dituzte salgai. Bonuak egiteko uztailaren 10 eta 12an joan beharko da Sanperio kaleko lokalera, 19:00etatik 21:00etara. Sarrerak aurrez erosi nahi dituztenek berriz, hilaren 13, 14 eta 17an izango dute aukera.