Barandiaran Bekaren 2017ko deialdia arkeologia ikertzeko da
Jose Miguel Barandiaran Fundazioak atera du 2017ko izen bereko ikerketa bekaren deialdia. Aurten, arkeologia arloko azterketak sarituko ditu. Bekaren saria 10.000 euro da. Taldeka nahiz bakarka parte hartu ahalko da lehiaketan.Bekaren aurtengo helburua...
Bekaren aurtengo helburua, bere garaian Joxe Migel Barandiaran etnologo ataundarrak hasi zituen ikerkuntzak analizatzea izango da. «Barandiaranek, bere bizitzan zehar, Baskoniako gune arkeologiko askotan lan egin zuen. Hasitako lan hura aztertu, eta gaur egun nola dagoen zehaztu nahi dugu, eta lan haiek zer emaitza utzi dituzten ikusi, Santimamiñek edo Lezetxikik, esate baterako», azaldu du Fundazioak.
Digitalizatutako informazioaren azterketa kritikoa egin beharko dute beka lortzen duten ikertzaileek. Fundazioak argitaratu ez duen informazioa publiko orokorrari nahiz oraingo arkeologoei eskuerara ipini nahi die. Bekarako proposamena urriaren 31rako aurkeztu behar da, eta abenduaren 15ean emango du Fundazioak ebazpena.
Jardunaldien liburua
Bestetik, Barandiran Fundazioak Europa, Barandiaran eta baloreak liburua argitaratu du. Iaz bete ziren 25 urte antropologoa hil zela, eta horren harira mahai-inguru zikloa antolatu zuen. Bost irakasleren ponentziak jaso dituzte liburuan, baita abenduaren 21eko Sara etxeko ekitaldi instituzionaleko hitzaldiak ere.