Gaur abiatu dira, eta datozen egunetan egingo dituzte dantza emanaldiak, nazioarteko beste 17 talderekin batera.
Korosti dantza taldeko kideak Bilboko aireportuan, gaur. / Korosti
Goierriko dantza taldeak Europan zehar dabiltz, euskal foklorea ezagutzera ematen.
Beasaingo Aurtzaka dantza taldea Bulgariako bidaia amaitzen ari den honetan, Legazpiko Korosti dantza taldea Italiako Rimini hirira bidean da. Gaur abiatu dira, eta iluntzean iritsiko dira. Han, Moonlight Event izeneko nazioarteko folklore jaialdian parte hartuko dute.
Guztira mundu guztiko 18 dantza talde elkartuko dira Riminin. Korostitik, dantzariak eta musikariak kontuan hartuta, 35 lagun joango dira. Abuztuaren 9an itzuliko dira. Dena den, dantza bi egunetan egingo dute: bihar eta etzi. Gainontzeko egunak turismo apur bat egiteko aprobetxatuko dituzte.
Dantza tradizionalak zein berritzaileagoak
Ainhoa Korta taldekideak azaldu duenez, egun bakoitzean hamabost minutuko saio bat egingo dute. “Biharko saioan jantzi tradizionalak jantziko ditugu, eta dantza tradizionalak egingo ditugu: Plazara, Lapurdiko makil dantza, Banakoa, Fandangoa…”, adierazi du. Etzi, berriz, dantza berritzaileagoak egingo dituzte: Maltzeta (Korrontzirena), Urolako Gizon Dantza (Kepa Junkera), Portu salda (Korrontzi)…