Ordiziako talde eragileek giza katea eta ekitaldia egin dituzte emakumeen aurkako biolentziaren kontra. Gizartearen konpromisoa bilatzea dute helburu
Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna izan zen, eta horren harira, giza katea egin zuten, atzo, Ordizian, Kimetz emakumeen elkarteak antolatuta. Altamiratik, 11:15ean atera ziren,
Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez zioen pankartarekin. Plaza Nagusian amaitu zuten eta han ekitaldia egin zuten. Kimetzekoez gain, Oianguren institutuko ikasleek, Goiztiri AEK euskaltegikoek, Jakintza Ikastolakoek, Goierri Bertso Eskolakoek eta Ordizia Kolorekoek ere parte hartu zuten. Musika, dantza, emakumeen aurkako biolentziaren kontrako mezuak eta testigantzak izan ziren ekitaldian.
Ordizian egindakoaz gain, Goierriko herri gehienetan, ekitaldi ugari egin dira ostiralean hasi eta astebukaera osoan zehar; elkarretaratzeak, dokumental emanaldiak, antzerki saioak eta beste hainbat eta hainbat ekintza.
Konpromisoa helburu
Orain dela sei bat urte egin zuten Ordizian lehenengo aldiz giza katea, azaroaren 25aren bueltan. Hiri hezitzailea programaren barruan partaideetako bat da Kimetz elkartea eta bileretako batean, «Ordiziako talde eragile guztiak batuko zituen ekitaldi bat egiteko ideia sortu» zitzaiela adierazi du Belen Balerdi Kimetzeko kideak. Gainontzeko taldeak ere ados agertu ziren eta lanean jarri ziren.
Talde bakoitzak, giza katean parte hartzeaz gain, bere ekarpena egiten du; dantza bat prestatu, kanta bat, bakoitzak nahi duena. «Arazoa den gai honen inguruan sentsibilizazioa eta bisibilizazioa lortzea» da helburua, baina batez ere, «gizartearen konpromisoa bilatzen dugu emakumeenganako biolentziaren kontra», nabarmendu du Kimetzeko kideak.
45 emakume hilda
Urtea hasi zenetik, Espainiar estatuan 45 dira beren bikoteen esku hildako emakumeak. Horren aurrean, «zerbait gaizki egiten ari» garela adierazi du Balerdik. Horrez gain, «gazteen artean biolentzia kasuak gora ari» direla gehitu du. «Datu hori oso kezkagarria da». Bestalde, «arazoari aurre egiteko gizonezko gehiagoren inplikazioa guztiz beharrezkoa dela azpimarratzen du. Egoera horren guztiaren aurrean, «amorru handia» sentitzen du Balerdik, baina ez du dudarik «orain arte bezala lanean jarraituko» duela.
Indarkeriaren lekukotasunak ere izan ziren. Mirian Gonzalez Ordizian bizi den emakume ekuatoriar gazte bat da, eta orain dela bost hilabete iritsi zen Goierrira. Ordizia Kolore elkarteko kide ere bada eta atzo Plaza Nagusian egindako ekitaldian izan zen, taula gainean, jende guztiaren aurrean bere testigantza ematen: «Bortxatua izan nintzen», adierazi zuen Gonzalezek, «hitzezko biolentzia ere jasan nuen». Gertaera horiek Ordiziara etorri baino lehen gertatu zitzazkion. Orain, hori guztia atzean utzita, «libre» sentitzen da, «laguntza eskatu» zuelako.