BECeko finaleko zortzikotea, Maialen Lujanbio txapelarekin dela // Alberto Elosegi
Bertso gosez gelditu direnek, edota BECeko finalarekin bertatik bertara gozatzerik izan ez dutenek, Ordizian izango dute zorra kitatzeko aukera. Datorren urtarrilaren 6an, urteko lehenengo larunbatean, Errege egunez, Ordiziako Majori kiroldegian (18:30) ariko dira kantuan herenegun Barakaldon izan ziren zortzi bertsolarietatik zazpi.
Ordiziako Jakintza Ikastolak antolatu du saioa oraingoan, Goierriko Bertsozale Elkartearen laguntzaz. Ikastolak 50 urte beteko ditu 2018. urtean, eta saio hori izango da urteurreneko ospakizun ekitaldietako bat.
Ohikoa da Goierrin lau urtez behin Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalisten bertso saioa aditu ahal izatea, eta ohiturari jarraituz, oraingoan ere ez du hutsik egingo. Hori bai, aldaketa bat badago zortzikotean, Unai Agirreren ordez Alaia Martin jardungo baita Ordizian. Gainontzeko zazpiak Majorin elkartuko dira: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi eta Beñat Gaztelumendi. Gaiak jartzen Mikel Urteaga beasaindarra ariko da.
Aste honetan bertan jarriko dituzte txartelak salgai, 15 euroan. Ordizian, Beasainen, Zaldibian, Ataunen eta Lazkaon erosi ahal izango dira aurrez. Soberan gelditzen direnak saioaren egunean bertan leihatilan jarriko dituzte salgai.
Finalisten saioa
· Noiz. Urtarrilaren 6an, 18:30ean.
· Non. Ordiziako Majori kiroldegian.
Txartelak salgai
· Ordizian. Pottokan.
· Beasainen. Basakanan.
· Zaldibian. Illatin.
· Ataunen. Troskaetan.
· Lazkaon. Gerriko liburudendan.
· Prezioa. 15 euro
Idiazabalen hilaren 28an
Urtea bukatu aurretik, ordea, Goierriko bertsozaleek ere badute beste hitzordu bat: abenduaren 28an, Inuxente egunean, Idiazabalen. Herriko bertso taldeak antolatuta, Goierriko sei bertsolari igoko dira oholtza gainera: Iker Zubeldia zegamarra, Iñaki Apalategi beasaindarra, Iban Urdangarin ataundarra, Oihana Iguaran Idiazabalen bizi den amasarra, German Urteaga beasaindarra eta Mikel Tapia ataundarra.
Idiazabalgo Guraso Elkartean izango da saioa, 22:30ean hasita. Sarrera doan izango da, baina inguratzen direnei borondatea eskatuko diete antolatzaileek .