Osinalde sariketako finala, bideoan
Txaber Altube abadiñoarrak irabazi du Gabiriako 47. Osinalde Bertso Sariketa. Aztiriako saioan ekin zion bertsolari gazteen lehiari, eta baita finalerako txartela lortu ere. Harekin batera, Oier Etxeberria, Eli Pagola, Peru Abarrategi, Aitor Servier eta Asier Galartza aritu ziren bertsotan; gai jartzaile lanetan berriz, Eñaut Asurabarrena gabiriarra aritu zen.
Saioari goitik ekin zion Altubek, puntu erantzunetatik eta ofiziokako 8ko bi neurrietatik hasita. Eta gau guztian mantendu zuen maila, batzuetan arrazoi nahiz umore kolpe ederrekin. Kartzelan, Peru Abarrategi lehengusuarekin batera egindako jardunak goia jo zuen.
Osinalde elkartea bete zuten entzuleek ere epaileen iritzi berbera izan zuten, Altube izendatu zuten onentzat euren sarirako. Bertsolari bati sari bat baino gehiago ez diotenez ematen, bigarren postuan geratu den Oier Etxeberria azpeitiarrak jaso du garaikur hori. Saioko bertso onenarena, berriz, Eli Pagola hernaniarrak, lehen puntuari emandako erantzunagatik: “zu gaurko plan hontan sartuko al zinake?” bukatu zuen gai jartzaileari emandako erantzuna, ohe-kontuen iradokizuna egin ostean.
Bertsolari guztiak ziren Osinalde sariketan debutariak. Orokorrean, denek kunplitu zuten. Aitor Servier azkaindarra, Asier Galartza muxikarra (urteak bete dituen egunean, Zorionak zuri abestu diote) eta Peru Abarrategi aramaioarra ziren beste hirurak. Printza ederrak denek utzi zituzten. Eñaut Asurabarrena gabiriarrak jarri zizkien gaiak.
Urtero afal ondoren egiten den errifaren zozketan, hauek atera zituzten zenbaki sariduntzat: lehen saria 1.402, bigarren saria 964 eta hirugarren seria 647.