Azatxo Topaketa antolatu du Ordiziako Saskibaloi Taldeak iganderako. Egun horretan eskuratutako diru guztia Aspanogi elkarteari bideratuko diote
Ordiziako Saskibaloi Taldeak lehenengo Azatxo Topaketa antolatu du datorren iganderako, hilak 22. Ordiziakoaz gain, Gipuzkoako beste saskibaloi eskola batzuk ere parte hartuko dute, aurtengo denboraldian lehen aldiz abian jarritako egitasmo honetan. Gainera, kirola eta elkartasuna eskutik helduta joango dira egun horretan. Izan ere, topaketaren egunean bildutako diru guztia Aspanogi elkartearentzat izango da. Bestalde, omenaldietarako tartea ere izango da, emakumeen taldea sortu zela, 40 urte bete baitira aurten.
Joseba Caballero Ordizia Saskibaloi Taldeko kideak adierazi duenez, «arlo soziala gehiago lantze aldera antolatu» dute lehenengo Azatxo Topaketa. Lehenagotik ere arlo horri lotutako beste hainbat ekintza antolatzen badituzte ere, «gobernuz kanpoko erakunderen batekin kolaboratzeko gogoa ere bazegoenez taldean, Azatxo Topaketa elkartasun kirol jardunaldia izango da».
Lau talde, 400 jokalari
Gipuzkoako lau saskibaloi taldetako 400 bat haur elkartuko ditu igandean egingo den topaketak. Ordiziakoez gain, Beasaingo BKL, Donostiako Easo eta Azpeitiako Iraurgi taldeetako jokalariek parte hartuko dute. 2007 eta 2009 urteen artean jaiotako haurrak izango dira.
Partidak, herriko hiru gunetan jokatuko dituzte; Urdaneta ikastetxean, Jakintza Ikastolan eta Majori Kiroldegiaren ondoan dagoen kuboan. Egun osoan zehar 60tik gora partida jokatuko dira, 09:30ean hasita.
Eguerdian, parte hartzaile guztiak bazkaltzeko bilduko dira Beti Alai pilotalekuan. Bazkal ondoren, 15:30ean hasiko dira berriro ere partidak jokatzen eta 20:00ak arte luzatuko dira.
Elkartasuna lehenetsiz
Saskibaloi topaketa izanda ere, elkartasuna, lehiaren aurretik joango da, Caballerok argitu duenez. «Horregatik, partidetan epaileak egongo badira ere, ez dira emaitzak jasoko». Ordiziako taldeak «garrantzia parte hartzeari eta ongi pasatzeari eman nahi» dio, hori dela eta, «ez da irabazlerik egongo».
Topaketan parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko ditu haur bakoitzak. Izen-emateekin eskuratutako dirua izango da hain zuzen ere, Aspanogi elkarteari bideratuko diotena.
Horrez gain, informazio mahai bat ere jarriko du minbizia duten haurren gurasoen elkarteak Majorin eta bertan pultserak jarriko dituzte salgai.
Taldetik pasatako emakumeei omenaldia
1977-1978 denboraldian atera zuen estreinekoz emakumeen taldea Ordiziako Saskibaloi Taldeak. Orain, 40. urteurrena den honetan, omenaldia egin nahi diete, lehenengo talde hura osatu zuten jokalariei eta baita urte hauetan guztietan klubetik pasatako emakumeei ere. Horregatik, larunbatean, EBA?mailako ligako azken partida Majorin jokatuko dutela aprobetxatuz, atsenaldian taldeko argazkia aterako dute emakumeek.
Gaur-gaurkoz, 12 talde ditu Ordizia Saskibaloi taldeak eta horietako 7 neskek osatutakoak dira. Entrenatzaile lanetan edota zuzendaritza taldean ere emakumeen presentziak nabarmen egin du gora Ordiziako taldean azken urteotan.