Lazkaotarrak festarako prest
Mozorrotuen larunbateko eguna ardatz dela, Lazkaon San Prudentzio festetako lehendabiziko asteburua ospatuko dute, bihartik igandera. Txirrindulari elkarteak piztuko du hasierako suziria.
Hiru ekinalditan ospatzeko, hemen dira Lazkaoko jaiak. Bihartik igandera izango da aurreneko saioa, aho gozagarri. Bigarrena, eta mardulena, apirilaren 27tik maiatzaren lehenera. Hirugarren asteburuan, berriz, Lazkaomendi auzoko festen txanda etorriko da, maiatzaren 5 eta 6an.
Aldaketa handirik egin gabe, sustraitutako ekitaldi herrikoiak, eta elkarteek hornitzen dituztenak uztartu dituzte egitarauan. Danborradak desagertu dira, bai haurrena, bai helduena. Txirrindulari probak 75. ekitaldia izango du apirilaren 30ean, eta, horregatik, Lazkaoko Txirrindulari Elkarteari eman diote txupina botatzeko ardura, bihar.
Lehen asteburua, mozorrotuen festaren inguruan egituratu dute, ohi den bezala. Larunbatean aterako dira lagun-taldeak disfrazekin.
Eraso sexistekin kezka
Udalak, bere aldetik, hiru mezu eman ditu: lo dauden bizilagunekiko errespetua, alkohol kontsumo arduratsua egiteko eskaera, eta batez ere eraso sexisten aurkako kontzientzia hartzea. Aurreko asteburuan autodefentsa feminista tailerra egin zuten, eraso sexistak zer diren, nola atzeman, eta jasandakoan zer egin garbi edukitzeko.
Bestetik, sexu erasoen aurkako protokoloa aktibatuko dute. Emagin elkarteko kideek bihar 15:00etan azalpenak emango dituzte, udaletxeko batzar aretoan. Ordu eta erdiko saioa izango da. Udalaren Berdintasun Sailak eta Lazkaoko Gazte Asanbladak antolatu dute.
Musika talde ugari
Lehen asteburuan, aipagarria da Lazkaoko gau giroa piztuko duten musika kontzertu sorta. Bihar eta etzi gauetan bederatzi taldek joko dute, plazako oholtzan eta txosna gunean. Unidad Alavesa talde ataundar-lazkaotarra ariko da. Baita Goierriko BigBadMan ere, disko berria besapean, edo herriko gazteen Mauka ere. Musika eskolako taldeek kultur astean eguraldi txarragatik bertan behera utzitako saioa egingo dute, bestetik.
The Governors eta Liher dira beste asteburuko proposamenetako batzuk.
- Pregoia txirrindulari elkarteari omenez
- Haurren danborrada ez da egingo, 31 urtean lehendabiziko aldiz
- Txosnetan bazkaria, kontzertua eta patata tortilla lehia izango dira
EGITARAUA:
Bihar, ostirala: · 17:30. VII. Esku pilota txapelketa herrikoiaren finalaurrekoa, plazako frontoian. · 19:00. Suziria botatzea eta pregoia, Lazkaoko Txirrindulari Elkartearen eskutik, udaletxeko balkoitik. Jundajo txaranga. · 19:30. Lazkao Txiki Musika Eskolako konbo taldeak. · 20:00. Presoen alde elkarretaratzea eta txosnen irekiera, zurrakapotearekin. · 23:00. Lazkaoko musika taldeen kontzertuak, plazan: BigBadMan eta Mauka. · 00:00. Kontzertuak, txosnetan: Trini Fox, Voltaia eta Rodeo.Etzi, mozorro eguna · 12:00. Mozorrotuen desfilearen hasiera, Jundajo txarangarekin. · 14:30. Mozorrotuen bazkaria, txosnetan. · 17:30. Dantzateke, Lazkao Txiki Plazan. · 18:30. KPK disko-karaokea, Hirigoien 4-6ko plazan. · 19:00. Mozorro lehiaketako sari banaketa, plazan. · 20:30. Unidad Alavesa taldea. · 23:00. Governors musika taldea. · 00:00. Zigor DJa, txosnetan. · 01:00. Liher musika taldea. Igandea · 10:00. Ibilaldi neurtua jubilatuentzat, Orobione etxetik. · 10:00. 14. San Prudentzio artisau azoka, Hirigoien kalean. · 11:00. Lapke pilota elkarteko ikasleen erakustaldia. · 12:00. Dunbots txaranga. · 17:30. Eriz magoa, plazan. · 19:00. Xaiborren disko-festa.
OHARRAK:
· Ikastolan afariak. Afari zerbitzua eskainiko du San Benito ikastolak, bost gautan: apirilaren 21ean, eta 27-28-29-30ean, San Prudentzio eraikinean. · Lepoko zapia. Txosna Batzordeak jaietarako zapia egin du. Aurretik Giroa tabernan eros liteke, festetan txosnan (5 euro). · Eskulan erakusketa. Azki emakume elkarteak kultur etxean jarriko du eskulan bilduma, bihartik maiatzaren 1era. Ordutegia: 12:00-14:00 eta 19:00-21:00. Mozorro eguna · Lehiaketa. Udalak antolaturik, etzi izango da. Herritarrei parte hartzeko deia egin die. Izena 16rako eman behar zen. · Erabilera arauak. Karrozak edo ibilgailuak erabiltzeko, eta karpak jartzeko eskaera egin behar da, udaletxean. Mozorroarekin lotura behar dute. Karpak ezin dira erabat itxi. Plazako ekitaldien ordutegia errespetatu behar da. Jaso egin behar dira.














