Hamarkada honetan nortasun berezia irabazi du jaien hasierako suziria botatzeko ekitaldiak. Bihar Lazkaoko Txirrindulari Elkarteak izango du lan hori, 75. ekitaldia duelako afizionatuen probak.
Txupinazoaren ondorengo desfilea, iazko San Prudentzio jaietan // A. Maiz
Lazkaoko jaiak hasteko, ohorezko keinu berezia egingo dio herriak Lazkaoko Txirrindulari Elkarteari. Taldeak antolatzen duen Lazkaoko Probak 75. ekitaldia izango du, apirilaren 30ean. Euskaldun txapelketako lasterketa izango da, txirrindulari amateurrekin.
Udaletxeko balkoira irten, lazkaotarrei festarako deia egin, eta hasierako suziria txirrinduzaleek piztuko dute. «Ohore handia» izango dela aurreratu du Gurutz Barandiaran kideak. Irakurriko duten testua ere prest dute, baita urduritasuna ere.
Lazkao txirrindulari proba, federazioaren arauetara lehenengo aldiz 1934an egin zen. Aurretik, herri mailako karrera egiten zen, 1929tik gutxienez. San Prudentzio jaietan jokatu izan da beti, gerra osteko etenean salbu.
Afizionatuen probaz gain, beste bi ere antolatuko ditu txirrindulari elkarteak, aurten: maiatzaren 5ean Lazkaomendin juniorrena, eta maitzaren 26an Esparru Proba kadeteentzat.
Lazkaoko festetako pregoilariak:
· 2018. Lazkaoko Txirrindulari Elkartea
· 2017. Jundajo Txaranga
· 2016. Amalur Mendizale Elkartea
· 2015. Gure Esku Dago
· 2014. Oin Arin Dantza Taldea
· 2013. San Benito Ikastola eta Maizpide euskaltegia
· 2012. Antzar Gazteak txistulari taldea eta Lazkaoko Talogileak