Urtebeterako kontratua sinatu berria du Jose Luis Ribera azkoitiarrak Hirugarren Mailako Beasain futbol taldea entrenatzeko. Pozik eta ilusioz hartu du lan eta ardura berria.
Beasain Kirol Elkartearen hirugarren mailako taldeak badu entrenatzaile berria: Jose Luis Ribera (Azkoitia, 1965). Futbol jokalari profesionala izan zen Ribera. Realean egin zuen gazte denborako ibilbidea, eta talde txuri urdinarekin egin zuen debuta lehen mailan, 1984/85 denboraldian. Besteak beste, Sestao, Burgos eta A Coruñako Deportivon jokatu zuen, 1998an erretiratu zen arte. Erretiroa hartu eta gutxira hasi zen entrenatzaile lanean, Realeko gazte mailako taldeetan. Lagun Onak taldea entrenatu zuen ondoren. Eibarren ere aritu da, Amorrorturen ondoko bezala lehendabizi, eta hark taldea utzi zuenean, lehen entrenatzaile moduan. Real Sociedaden Lotinaren laguntzaile aritu zen. A Coruñan eta Villa- realen Lotinaren ondoan aritu zen. Geroztik, Sestao Riverren eta Real Union taldeetan aritu da. Orain, urtebeterako kontratua sinatu du Beasainekin.
Zergatik onartu duzu Beasain taldearen eskaintza onartzea?
Beasainek niregatik azaldu duen interesagatik eta ondo antolatutako taldea dela iruditzen zaidalako etorri naiz, ondo eta gustura egon naitekeen taldea dela uste dudalako. Beasainek daukan kirol proiektua gustatzen zait. Oso pozik etorri naiz, ilusioarekin. Talde polita osatu eta lan ona egiteko ilusioarekin etorri naiz. Hasieran denok nahiko pozik egoten gara, gero denboraldia aurrera doan eran ea pozik egoten garen.
Azkoititik gertu, beraz.
Hirugarren Mailan egonda, gertu egotea hobe.
Zein helburu duzu?
Badakit aurreko entrenatzailea [Urtzi Arrondo] lau urtean egon dela, emaitza onak lortu dituela, eta jendea eta jokalariak oso gustura egon direla. Hori mantendu nahi dut. Bestetik, joko aldetik, niri gustatzen zaidan joko motara gerturatzea nahiko nuke. Askotan dauzkazun jokalarien arabera izaten da, eta taldearen arabera era batera edo bestera jokatzeko gai izango zara. Baina saiatuko gara taldea guri gustatzen zaigun jokalariekin betetzen, eta hori lortzen baldin badugu, nik uste dut taldea joko polita erakusteko gai izango dela, eta 2.B mailarako play off-erako postuagatik borrokatzeko.
Nolako jokoa gustatzen zaizu?
Normalean, intentsitatea duten taldeak gustatzen zaizkit, bai baloiarekin eta bai baloirik gabe; erasoko jokoa gustatzen zait, intentsitatea duen taldea baldin bagara presioko jokoa egitea. Horretarako maila horretako jokalariak eduki behar dira eta horren bila joango gara, lehenagotik dauden bertako jokalariekin batera.
Harrobiko jokalariak garrantzitsuak dira.
Bai, kluba hori indartzen ari da, Goierriko jendearekin, harrobia eta aurrekontua handituz…, eta guk ere bide horretatik nahi dugu segitzea. Bertako jokalariei aukera eman behar zaie, baina aldi berean, lehenengo taldea ahal den onena izan behar da, eta ahal duen altuen egotea sailkapenean.
Zertan hasi zara lanean?
Jokalarien kontuarekin eta taldearen aurre denboraldia prestatzen ari gara orain. Jokalari askorekin hitz egin behar da, lehenengotik agian ez da lortzen eta nahi duzun jokalaria… Luze joaten da. Lehenbailehen lotuz gero hobeto. Aurre denboraldiko lagun arteko partidak ere lotzen ari gara.
Esperientzia handiko entrenatzailea zara, Realean, Eibarren… aritutakoa.
Talde eta maila askotan ibili naiz entrenatzen, era bateko eta besteko lana egiten. Barruko lan horretan denak ezagutzen ditut eta horrek bere alde positiboak badauzka. Talde lanaren aldeko apustua egitea gustatzen zait, harrobia hobetzea, hobetzeko prest dagoenarekin lan egitea. Esperientzia horrek hori ematen dit.