Ordiziako Klasikoa, Goierriko Tour zaharra
Profesionalen eskualdeko txirrindulari lasterketa bakarra gaur jokatuko da, 95. Ordiziako Klasikoa. Larraiztik bost bira osatuko dituzte. Alex Aranburu eta Iker Azkarate, tropelean
«Gogoz» dator Aranburu. Klasikoa «polita» iruditzen zaio. «Lagun, familiako eta lehengusu asko egongo dira, eta urduritasuna ere sortzen du. Baina aurreko bi aldietan taldean iritsi naiz helmugara, eta ea oraingoan ere». Iker Azkaratek (Lazkao, 1994) aurreneko Klasikoa du, profesionaletan lehen urtea baitu. Ilusio berezia eragiten dio: «Txikitatik ikusi dut proba hau, bizitza osoan. Etxeko karrera da, eta han parte hartzeak poza ematen du. Horrenbeste jenderen aurretik behin eta berriz pasatzea polita da. Ezagun asko egongo dira, gainera, eta indarra ematen du», dio Euskadi taldeko ziklistak. Portugalen bi itzulitan 9 egun korritzetik igandean itzuli zen. Urte makala doakio Azkarateri, mononukleosiak jota egon baita luzaroan. Portugaldik «pedal kolpe onarekin» dator, eta gaitza gainditu duela dirudi «Animoz ondo nago. Hainbeste denboran gaizki pasatuta, lehen bezala ez naiz sentitzen oraindik, baina geroz eta hobeto bai. Buruari ere buelta asko eman dizkiot, psikologikoki gogorra da. Ea bolada ona hartzen dugun orain». Usabiagatarrak omenduak Antolatzaileek, omenduen atalean, Ana Usabiaga (Ordizia, 1990) eta Irene Usabiaga (Ordizia, 1993) ahizpak goretsiko dituzte. Orain arteko garaipen zerrenda distiratsua, eta txirrindularitza aberasten egindako lana aitortuko diete Usabiagatarrei. Bestetik, gogoan hartuko dituzte azken urtean hil diren Jesus Mari Garate eta Patxi Lasa ere. Garate lasterketaren laguntzaile izan zen urte askoan, irteeran dantzatzen den Agurraren arduradun. Lasa lazkaotarra, nazioarteko epaileen gidari zen. Israelgo taldeaz kritika Gipuzkoako BDS Boicot Israel elkarteak ezinegona plazaratu du, Ordiziako Klasikoan gaur Israelgo talde bat izango delako. «Is-rael Cycling Academy ez da ongietorria. Ez ziklista israeldarrak dituelako, Israelen ordezkari ofizial gisa datorrelako baizik. Palestinarren giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren aurka dituen urraketa larriak zuritu nahi ditu. Taldea Israelen enbaxadore gisa aurkezten da munduan. Ez dugu ulertzen Ordiziako Udalak aho batez Israelen krimenak salatzeko mozioa onartu, eta aldi berean Israelgo talde ofiziala gonbidatzearekin bat egitea».“Aurreko bi urteetan lehen taldean iritsi naiz helmugara; ea aurten ere hala den”
Alex Aranburu (txirrindulari ezkiotarra)“Txikitatik ikusi dut Klasikoa, eta poza ematen dit irteteak. Sasoi onarekin nator”
Iker Azkarate (txirrindulari lazkaotarra)
Ordiziako Klasikoa 2018
Datuak: · Kilometroak. 167,5 · Irteera eta helmuga. Kontzentrazioa eta sinadura kontrola Joxemiel Barandiaran Plazan 09:00-09:50; irteera 10:00etan eta helmuga 13:51n (43 km/h), Gudarien Etorbidean. · Portuak eta ordutegia. Abaltzisketa –3. mailakoa– bost aldiz igoko dute eta azken bi pasaeretan Altzo –3. mailakoa– ere bai. -Abaltzisketan pasaera orduak: 10:28, 11:12, 11:57, 12:46 eta 13:35. -Altzon pasaerak: 12:33, 13:22. -Ordiziako tarteko helmugetan pasaerak: 10:44, 11:28, 12:12, 13:01. · 1.240 metro. Mendateetako igoera guztiak batuta, igoko duten altuera positibo metatua. · 14.520 euro saritan. Txapel-Gorri elkarte antolatzaileak 14.520 euro banatuko ditu saritan. Irabazleak 5.785 euro jasoko ditu, bigarrenak 2.895 eta hirugarrenak 1.445. Hamar garaikur ere emango dituzte. · Omenduak. Ana eta Irene Usabiaga txirrindulari ordiziarrak. · Abaltzisketan igoerako saria. Amezketan mendate hasieratik Abaltzisketa gaineko bihurgunera arte jarritako denbora errekorra ontzen duenari 1.500 euroko sari gehigarria emango dio Ampok. Simon Yatesek 2016an jarria da marka: 6:01 minutu. Taldeak · 13 talde. World Team mailako bi: Mitchelton Scott (Aus), Movistar (EH). Kontinental-Profesionaleko bost: Caja Rural (EH), Euskadi Basque Country-Murias (EH), Delko Marseille (Fra), Burgos BH (Esp), eta Israel Cycling Academy (Isr). Kontinentaleko sei: Euskadi (EH), Dare Gaviota (Serbia), Massi-Kuwait (Kuwait), Ukyo (Japonia), Inteja Dominican Cycling Team (Dominikar Errepublika) eta Polartec-Kometa (Esp). · Txirrindulari kopurua. 97. · Faboritoak eta taldeburuak. Simon Yates (Mitchelton-Scott, 2016ko irabazlea), Victor de la Parte (Movistar), Alex Aranburu (Caja Rural), Angel Madrazo (Delko Marseille, 2015eko irabazlea), Cyril Barte (Euskadi-Murias), Ruben Plaza (Israel Cycling Academy), Jordi Simon (Burgos), Hector Gonzalez (Dare Gaviota), Francisco Mancebo (Inteja), Ruben Caseny (Massi-Kuwait), Miguel A. Ballesteros (Polartec), Mikel Alonso (Euskadi) eta Benjamin Prades (Ukyo, iaz bigarren).