2010ean Patxi Caminosek jarritako marka ondu nahi du bihar Aitor Garmendia beasaindarrak: 18:00etan hasita, 24 orduan, ia 100 kilometro egin beharko ditu, 12.400 metroko desnibelarekin.
2008an hasi zen Aitor Garmendia korrika, kuadrillako batekin Beasaindik San Migelera arte egindako apustuaren ondorioz. «107 kilo nituen orduan; irabazi egin nion». Harrezkeroztik, 2009an Goierriko Bi Handiak egin zuen eta 2010etik hona, urtero, Ehunmilak: «Bi aldiz gelditu naiz bukatu gabe».
Bihar, beste erronka bat duzu: 24 orduan Txindoki 13 aldiz igo eta jaistea. Patxi Caminosek 2010etik daukan marka hobetu nahi duzu.
Betitik entzun izan dut errekor hori hor dagoela eta animatu egin naiz. Marka hobetzeko 24 orduren barruan 13 aldiz igo eta jaitsi beharko dut Txindoki. 24 orduan 12 buelta oso eginez gero, eta 13.a goian bukatzen badut, berdinketa izango da.
Zenbat kilometro izango dira guztira? Eta desnibela?
Asko da, ia 100 kilometro. 13 joan-etorri eginez gero 99,45 kilometro, eta 12 eginez gero 91 kilometro. Desnibel positiboa, berriz, 12 aldiz eginda 11.500 metro eta 13 aldiz eginda 12.400.
Korrika edo oinez egiteko asmoa daukazu?
Behetik gora oinez joango naiz, noski, eta beherakoan korrika txikian. Erritmo bat hartu eta hortxe jarraitu behar.
Zein ordutan hasiko zara?
Arratsaldeko 18:00etan.
Zergatik aukeratu duzu ordu hori?
Nahiago nuen egun argi gehiagorekin egitea. Entrenatu nuenean, gaua asko harrapatu nuen eta eguna gutxi. Egun argitan askoz ere hobeto ikusi nintzen.
Eta aukeratu duzun datak esan nahi berezirik badauka?
Ez, eguraldi freskoxeagoa bilatu nahi nuen eta normalean data hauetan ez du hainbesteko berorik egiten. Orduero ari naiz eguraldiari begira, baina eguraldi ona dago iragarrita, freskoa, ondo.
Ilargi bete samarra egongo da.
Bai, argitasun handia egongo da. Hala ere, ibilbide osoa markatuta jartzeko asmoa daukat. Valdivielso anaiekin egingo dut markaketa. Erreferentziak edukitzea garrantzitsua da. Oso zaila daukat, baina saiatuko naiz.
Laguntzailerik izango duzu?
Ez, bakarrik egin nahi dut. Jende askok esan dit, baina ordu asko dira eta energia kontsumo guztia kendu behar dut. Jana eta edana ere nire kontu izango dira. Federazioak jartzen duen baldintza bakarra da bi epaile goian eta bi behean egotea. Gora iristen naizenean, ordua idatziko dute eta epaileak eta biok sinatuko dugu, eta behean berdin. Hortik aurrera, korrika, oinez, motxilarekin edo gabe, makilekin edo gabe, nire kontua da.
Horrelako erronka baterako zein entrenamendu egin duzu?
Pirinioetan ibili naiz, pare bat karrera egin ditut, orain dela hiru aste azkenekoa. Hemen ere asko ibili naiz, kilometro asko egin ditut asteburuetan. Entrenatzen asko ibili naiz Txindokin. 20 ordu eta erdian 10 itzuli egin nituen, orain dela hilabete eta erdi. Lokatza asko zen orduan.