Furundarena, Romanescu eta Berasain, Gipuzkoako Txapeldun
Gipuzkoako Pista Estaliko Atletismo Txapelketa jokatu dute asteburuan, Anoetako Belodromoan (Donostia). Goierriko atletek, hainbat garaipen lortu dituzte bertan. Abiadura probei dagokionean, Atletico San Sebastian taldeko Alazne Furundarena ordiziarra izan da azkarrena 60 metrokoan, 7.71eko denbora eginda. Mutiletan beste horrenbeste egin du Real Sociedad taldeko Octavian Mihail Romanescu beasaindarrak, 6.96ko denborarekin.
Pisu jaurtiketan, Txindoki taldeko Joseba Berasain legorretarrak lehen postua lortu du, 14,98 metroko jaurtiketa eginda. Proba berean, Aritz Apaolaza taldekidea izan da bigarrena, 12,89ko emaitzarekin.
Podiumeko postu gehiago ere izan dira. 10 kilometroko martxa lasterketan, esaterako, Txindokiko Hodei Caballerok bigarren egin du. Luzeera jauzian, Nora Tobar ataundarra bigarrena izan da, 5,39ko jauziarekin. 60 metroko lasterketan, Ainara Zubeldia bigarren tokian geratu da, 7,90eko denbora eginda. 200 metroko lasterketan, Ane Ormazabalek bigarren egin du, 27,68ko denborarekin. Eta 800 metrokoan, Adel Ben Miloud hirugarren gelditu da.