«Irakurleak ondo pasatzea eta liburua irakurterraza izatea nahi nuen»
Iñaki Dorronsoro Maioz (Ataun, 1994) idazleak bere lehen eleberria ondu du: ‘Azpijokoa Azpiazun’. Lapurretak, ustelkeria eta lagun baten hilketa dira eleberriaren ardatz nagusiak. Gaur goizean aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegian.

Lehen eleberria ondu duzu.
Bergarako Idazle Eskolan aritutakoa naiz. Literaturan esperimentatzeko aukera paregabea da; bigarren urtean proiektu luzeago bat idazteko aukera ematen dute, idazle kontsakratu baten laguntzaz. Niri Mikel Antzak lagundu zidan, eta neure buruari jarritako erronka garbia izan zen hasieratik: eleberri bat idaztea. Erronka banuen, baina ideia falta zitzaidan. Jakina da umorezko euskarazko literatura aurkitzea ez dela batere erraza, eta horretan sakontzea erabaki nuen, irakurleari ondo pasaraztea eta irakurterraza izango zen liburua ontzea helburu hartuta.
Zer kontatzen du?
Misteriozko eleberri klasiko baten moldekoa da. Lapurretak, ustelkeria eta lagun baten hilketa dira ardatz nagusiak; umorezko elkarrizketak ditu eta protagonistetako bik hilketa kasu bat ikertzeko prozesuan sakontzen du. Alfontso detektibea eta Miren Arrieta kazetaria hilketa hori argitzen doazen heinean konturatuko dira uste baino alor gehiago ukitzen dituela. Pertsonaia oso koloretsuak dira eta pixkanaka ikusiko dute ordurainoko euren bizitza aspergarria, uste baino ilunagoa izango dela.
«Misteriozko eleberri klasiko baten moldekoa da liburua»
Hitz-joko solastia izenburuarena.
Egoera deserosoa izan zen izenburuarena. Lana argitaletxera bidaltzeko zegoen, baina ez nuen mamia biltzen zuen izenbururik. Txiste txarrak kontatzekoa naizenez, pentsatu nuen halako hitz-joko bat erabil nezakeela, eta hortik bururatu zitzaidan Azpijokoa Azpiazun. Azkenerako oso gustura geratu naiz.
Aurretik badituzu pare bat liburu labur argitaratuta. Zertan desberdintzen da azken hau?
2022 eta 2023an bi ipuin labur argitaratu nituen 7K astekarian. Ezkutuan, lehena, eta Jon Zaharra, bigarrena. Bada zerbait denek amankomunean dutena: kontalariak kontatzen duela istorioa. Aurreneko biak bigarren pertsonan idatzitakoak dira eta barne hausnarketari jarraitzen diote. Azken, honetan, berriz, pertsonaiak sartzen dira eta elkarrizketek arintasuna ematen diote. Aurreneko biei falta zitzaizkien elementuak sartzen ahalegindu naiz.
«Liburu laburrei falta zitzaizkien elementuak sartzen ahalegindu naiz»
Nolakoa izan da idazket prozesua?
30 egunetan idatzi nuen eleberria, baina urtebete iraun zuten zuzenketek; izan ere, idazleok lana bukatu bezain pronto izozkailuan uzten dugu, idatzitakoa baretu dadin. Ondoren izozkailutik atera eta idatzitakoari errepasoa ematen diogu. Hori egindakoan, Ereinera bidali nuen, eta proiektuan parte hartzeko eta sinisteko prest azaldu ziren.
Zein aholku emango zenioke idazten hasi nahi duenari?
Hasi daitezela. Ausartu daitezela. Nik eleberri bat idatzi badut, edozeinek idatz dezake. Beste kontu bat da gero ea liburu hori argitaratzekoa den, norberak ere argitaratu nahi duen sikiera, edo zenbat orrazialdi beharko dituen erabat findu arte…