Juan Lasa hil da, Frankismoaren ondorengo Beasaingo lehen alkatea
Lau urtez izan zen Lasa Beasaingo alkate EAJ alderdiaren izenean, 1979tik 1983ra. Handik urte batzutara, Eusko Jaurlaritzako Barne kontseilari kargua bete zuen hiru urtez (1988-1991). Ampo kooperatibako gerentea ere izan zen. Gaur izango da haren aldeko hileta elizkizuna.
Juan Lasa Jauregi Frankismo ondorengo Beasaingo lehenengo alkatea (1979-1983) atzo hil zen 79 urte zituela. EAJ alderdiaren izenean, 10 zinegotzi lortu zituen hauteskunde haietan Lasa buru zuen zerrendak. Ampoko gerentea zen garai hartan Lasa, baita Gipuzkoako diputatua ere. Familiarekin batera, hiru lanak uztartu behar izan zituen beasaindarrak. Lau urte egin zituen alkate. 1998tik 1991ra, berriz, Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu ere izan zen, Jose Antonio Ardantza lehendakari zen garaian.
Udal hauteskundeak bazetozela eta, Zesareo Ugarte Beasaingo EAJko buruak egin zion alkate izateko proposamena, eta hura onartuta, urtebetez aritu zen lan eta ardura berrirako prestakuntza lanak egiten. 2011ko apirilean GoiBerri astekariari emandako elkarrizketan luze eta zabal gogoratzen ditu garai haiek Juan Lasak. Azken urteetan politikaren lehen lerroa utzi bazuen ere, maiatzeko udal hauteskundeetan Beasaingo EAJren zerrendan aurkeztu zen ordezko modura.
Haren aldeko hileta elizkizuna gaur arratsaldean, 18:00etan, egingo da Beasaingo Andre Mari Zeruratuaren elizan.