Datorren ekainaren 15ean Ordizia-Txindoki-Ordizia I. Duatloia jokatuko da. Orain hamarkada batzuk Juan Jose Rezola itsasondoarrak –1953an– eta Iñaki Maiora ormaiztegiarrak –1978an– egin zuten apustu-balentriak oinarri hartuta ari da Ordiziako Txapel-Gorri elkartea proba hori antolatzen, herriko zenbait elkarte eta eragile laguntzaile dituela. Txapel-Gorri elkartekoen helburua proba hori duatloien egutegian finkatzea da.
Euskadiko Trialtoi Federazioaren
gunean eman behar dute izena proban parte hartu nahi dutenek ekainaren 11 baino lehen. Antolatzaileek 250 kirolari onartuko dituzte gehienez. Bai gizonezkoen zein emakumezkoen proba ordu berean abiatuko dira Ordiziako Gudarien Etorbidetik, 16:00etan, eta boxeak 13:30etik 15:45ak arte egongo dira zabalik. Izen-emate gunean arropak eta bestelakoak uzteko kontsignak egongo dira, eta parte hartzaileak Majori kiroldegian dutxatu ahalko dira.
Larraiztik ala Gaintzatik igo
Gaur gaurkoz antolatzaileek aurreikusia duten ibilbidea honakoa da: Ordiziako Gudarien Etorbidetik Larraizko Zamao atsedenlekura bizikletaz igo (9,54 km); langatik gora Txindokiko gailurrera igo (3,88 km); atzera Larraitzera jaitsi (3,88 km); eta bizikletarekin Ordiziara itzuli (9,54 km). Hala ere, azken asteetan, Txindokira Larraiztik igo beharrean, Gaintzako bidegurutzetik igotzeko aukera aztertzen ari dira, eta aldaketa hori egiteko baimena ere eman die federazioak. Datozen egunetan hartuko dute behin betiko erabakia antolatzaileek.
Azken orduan aldaketa eginez gero, distantzietan ere aldaketak izango dira halabeharrez, eta horiek ere, ahal bezain pronto jakinaraziko dituzte. Logistikak sortzen die kezka antolatzaileei, Gaintzako bidegurutzean 96 bizikletarentzako tokia baitago soilik. Rezolak eta Maiorak, esaterako, bidegurutze horretatik gora egin zuten igoera. Bai tontorrean eta baita barreneko boxean ere anoa-guneak jarriko dituzte.
Duatloiari buruzko informazioa ordiziaduatlon@gmail.com helbidera idatziz eta 610 43 56 09 (Ketxus Sanz) zenbakira hots eginez ere lor daiteke.
Rezolak eta Maiorak egindako balentriak gogora ekarriz
Antolatzaileen helburua Ordizia-Txindoki-Ordizia I. Duatloia proba horien egutegian ofizialki txertatzea baldin bada ere, ezinezkoa da aipatu gabe uztea Juan Jose Rezola itsasondoarrak eta Iñaki Maiora ormaiztegiarrak orain urte batzu-batzuk ibilbide berean –biak ala biak Gaintzako bidegurutzetik barrena igo ziren Txindokira– egindako balentriak. Ordiziako Olano tabernaren hormak dira Rezolak eta Maiorak egindako denboren lekuko zuzenak.
Juan Jose Rezola kirolari petoa zen, taberna zuloan gutxi ibiltzen zenetakoa, eta oso gustukoa zuen bizikletan eta mendian ibiltzea. Erronkak botatzea puri-purian zegoen garai haietan, eta Pedro Aierbe izan zen Rezolari erronka bota ziona. Ordiziatik bizikletan Larraitzera (Gaintzako bidegurutzetik igo zen azkenean) joan, Txindokira igo, eta atzera Ordiziara ezetz hiru orduren azpitik egin. Txuleta bat zegoen jokoan. Rezolak erronka onartu zuen.
Frai Andreseko estatuatik abiatu zen Rezola Txindoki alderantz 1953ko irailaren 6an, Juanito Ormazabal senidea lagun zuela. Gudarien Etorbidea jendez gainezka zegoela dute gogoan garaiko lekukoek, eta apustua egitea eragozten zuten neurriak baztertu ondoren –garai hartan debekatuta zegoen apustuak egitea eta Guardia Zibilak ez zuen ateratzen uzten–, 08:00etan irten zen. 46 urte zituen orduan, 170 zentimetroko garaiera eta 48 kiloko pisua. Ordiziatik Larraitzera joateko 22:30eko denbora behar izan zuen; Txindokira igotzen 48 minutu; jaisten 18 –pertika batekin lagunduta–; eta Ordiziara itzultzen 13:30eko denbora. Denera, ordubete eta 42 minutu.
Bistan denez, apustua irabazi egin zuen Rezolak, baina gerora ere jarraitu zuen erronkak eginez. 60 urte zituela, esaterako, 365 aldiz igo zen Txindokira urte berean. Rezola Ordizian hil zen, 1983ko abuztuan.
Maiora, 25 urte geroago
Rezolarenaren ondoren, hamaika saiakera izan zen haren marka ontzeko– hori bai isilpean–, harik eta 25 urte geroago, 1978ko irailaren 24an, Iñaki Maiora Ormaiztegiko txirrindulariak erronkari heldu zion arte. 24 urte zituen orduan Maiorak, eta Kas taldean korritzen hasi berria zen. Tabernetan apustu asko izan ziren –90 minututik jaitsi ezetz, eta azken orduan 85etik jaitsi ezetz ere bota zuen bakarren batek–, eta sekulako oihartzuna izan zuen.
Maiora 09:00etan abiatu zen Ordiziako Gudarien Etorbidetik, eta 17:54ko denboran Gaintzako bidegurutzean zen. Txindokiko puntara 41 minutu eta 43 segunduan igo zen, eta jaitsi 15 minutu eta 13 segunduan –bi pertikako makilekin–. Ordiziara itzultzeko 11 minutu eta 38 segundu behar izan zituen. Azken denbora: 1:26:28. Gorriak ikusi zituen beherakoan, baina oraindik Maiora da ibilbide horretako errekorraren jabea.